Zestoako Udala izapidetzen ari den Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) alegazio bat aurkeztu dio oposizioan den EAJ alderdiak, haren arabera, dokumentuak zabortegiak ezartzeko eta hondakinak metatzeko aukera ahalbidetzen duelako planak hirigintza araudiaren ikuspegitik. Hori hala, jeltzaleek uste dute puntu horrek "zabalik" uzten duela Osinbeltzeko harrobian zabortegia ezartzeko aukera, eta beraz, eremu horretan halako azpiegitura bat egiteko proiektua berriz mahai gainean jartzea ahalbidetu lezakeen edozein "zirrikitu juridiko edo arau aukera" behin betiko ezabatzeko eskatu dute jeltzaleek.
EAJk gogoratu du, duela hamarkada bat Osinbeltzen hondakin geldoen biltegia egiteko proiektuak "gaitzespen zabala" izan zuela herritarren artean, eta orain, udal gobernuak aukera hori behin betiko baztertzen ez duen hirigintza plangintza berria bat izapidetu izana "bereziki larria" dela salatu du. "Badirudi EH Bilduk herritarrek baztertu zuten zabortegi proiektu haren nostalgian murgilduta jarraitzen duela. Garai hura behin betiko atzean uzteko aukera izan dute, baina, hala ere, zabortegiak ezartzea eta hondakinak metatzea ahalbidetzen jarraitzen duen HAPO bat eraman dute izapidetze fasera. Ez da garrantzi txikiko kontua. Zestoaren etorkizunerako berebiziko garrantzia duen erabakia da", azpimarratu dute.
Izapidetzen ari diren HAPOaren 36.7 artikuluak "hondakindegi, zabortegi eta hondakin solidoak tratatzeko eremuei" dagozkien erabilerak jasotzen ditu, hondakinak kudeatzeko instalazio eta biltegi mota desberdinak barne, EAJren esanetan. Haren hitzetan, mota horretako jarduerak lurzoru urbanizaezinaren zenbait kategoriatan baimendu ahal izango lirateke HAPOaren bidez. Eta jeltzaleen ustez, "bereziki kezkagarria" da, Osinbeltzeko harrobia lehengoratu eta Ertxiña mendiko paisaia naturalean txertatzeko asmoa jendaurrean azaltzen den bitartean, hirigintza araudiak ez duela ezartzen eremu hori hondakinak metatzeko erabiltzea espresuki debekatuko duen xedapenik. Era berean, plangintza beraren ingurumen dokumentazioak jasotzen du Osinbeltzeko eremuak lurpeko uren kutsadurarekiko "zaurgarritasun oso handia" duela, jeltzaleen arabera. Beraz, haren iritziz, inguruabar horrek "are gehiago" indartzen du eremu hori hondakinak isurtzeko erabiltzeko edozein aukera baztertzeko beharra.
"Anbiguotasunak" alboratu
EAJren jarrera "argia" dela azpimarratu dute jeltzaleek: "Osinbeltzen zabortegirik ez. Ez orain, ez etorkizunean. Berme hori HAPOn modu argi eta espresoan jasota geratzea nahi dugu, anbiguotasunik eta atzeko aterik gabe". Egoeraren aurrean, EAJk alegazio formala aurkeztu dio HAPOri, udalerriko lurzoru mota guztietan zabortegiak ezartzeko debekuaren xedapena plangintzan bertan jasota egon dadin.
Joan zen urriaren 2an erregistratu zuten eskaera hori, eta udalaren Hirigintza batzordean oraindik gaia ez dela landu adierazi du EAJk, horretarako eskaera egin badu ere: "EH Bilduk ez du gai honetaz hitz egin nahi, edo deseroso sentitzen da. Orain dute aukera benetan jarrera berria duten ala iraganeko proiektu bati lotuta jarraitzen duten erakusteko. EAJn ez dugu onartuko Osinbeltzen zabortegi bat ezartzeko aukera zabalik uztea, ezta paperean soilik bada ere. Zestoak bermeak merezi ditu, ez anbiguotasunak. Eta berme horiek plan orokorrean idatzita geratu behar dute".