Artisauak eta baserritarrak elkartuko dira igandean Arroabean, azokaren seigarren edizioan. Ezkaizto auzo elkarteak antolatuta eta Txara dendaren laguntzarekin egingo dute azoka, 10:00etatik 14:00etara.
Bertako ekoizleek eta artisauek askotariko produktuak jarriko dituzte bisitarien eskura. Elikagaien artean, barazkiak, ogia, gazta, eztia, kontserbak eta gozogintzako produktuak aurkitu ahal izango dira. Artisautzari dagokionez, berriz, arropa, osagarriak, bitxiak, ukenduak, zeramika eta ehungintzako lanak izango dira ikusgai.
Aurtengo azokak badu, gainera, berritasun berezi bat: antzinako baserriko lanabesen erakusketa. Horren bidez, garai bateko nekazaritza lanak egiteko erabiltzen ziren tresnak gertutik ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Azoka giroa osatzeko, jan-edanerako gunea ere prestatuko dute antolatzaileek; hanburgesak, taloak eta edariak izango dira bertan, goizeko bisitariak indarberritzeko.
Antolatzaileek eskudirua eramatea gomendatu dute, baita azokara garraio publikoan gerturatzea ere, ahal den neurrian. Autoz joaten direnek Sansinenea industrialdean izango dute aparkatzeko aukera.