Nerea Loiola idazleak gidatutako helduentzako idazketa sortzaile tailerra azaroaren 14an eta 21ean egingo dute azkenean. Hasiera batean apirilerako aurreikusita zeuden saioak, baina Loiolaren agenda kontuak tarteko, atzeratu egin behar izan dituzte.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurrez izena eman zutenek ez dute berriro izena eman beharrik izango. Tailerrean parte hartu nahi duten gainerako herritarrek, berriz, liburutegian eman beharko dute izena, 20 euroren trukean. Saioak 9:00etatik 12:30era bitartean eskainiko ditu Loiolak, Zestoako liburutegian.
Helduentzako tailerrak idazketa blokeoak gainditzea, pentsamenduak askatzea eta autoezagutza lantzea ditu helburu. Horretarako, idazketa espontaneoa eta jolasa uztartuko dituzte saioetan, parte hartzaileei hitzekin esperimentatzeko aukera eskainiz. Hitzetik Loratu egitasmoaren barruan antolatu dute idazketa tailerra.