Zenbakiak ilusioaren etsai

Iraia Oteiza

La Farandularen sarrea, oraindik irekita zegoenean. (Utzitakoa)

Jon Sagarzazu zestoarrak agur esan berri dio bederatzi urteko proiektuari: Donostiako La Farandulari. 

Donostiako kultur eskaintzak bere proposamen berezienetako bat galdu du. La Farandula, mikroantzerkia eta gastronomia uztartzen zituen espazioa, itxi egin dute Jon Sagarzazu zestoarrak eta Michel Ramosek. 2017an ilusioz eta inbertsio handia eginda abiatutako proiektuak bederatzi urteko ibilbidea egin du, ehunka emanaldi eta aktoreei zein gidoilariei beren lana erakusteko agertoki bat eskainiz. Amaiera, ordea, ez da izan sortzaileek hasieran irudikatu zutena. "Frustrazio handia daukagu", aitortu du Sagarzazuk. "Inbertsio handia egin genuen proiektu hau aurrera eramateko, baina konturatu gara Donostia oraindik txikia dela horrelako proiektu batentzat".

La Farandula ez zen ohiko antzoki bat. Eskaintza berritzaile baten aldeko apustua egin zuten Sagarzazuk eta Ramosek: antzezlan laburrak, kontsumizio batekin batera, publikoari antzerkira gerturatzeko beste modu bat eskaintzeko. "Helburua gazteak antzerkira erakartzea zen. Funtzio laburrak zirenez, publikoak harrera hobea egingo ziela uste genuen. Ez ziren ordu eta erdiko antzezlanak, 15-20 minutuko piezak baizik, zerbait jan edo edan bitartean ikustekoak", azaldu dute.

Antzerkia ikusteko ohitura handirik ez zuen jendearengana iristea zen asmoa, baina baita sortzaileei lanerako aukerak eskaintzea ere. Mikroantzerkiak baliabide gutxi behar ditu: "Aulki bat eta beste gauza gutxi batzuk behar dira. Testu onarekin eta aktore gutxi batzuekin egin daiteke antzerkia". Formatu horrek, gainera, aktore eta gidoilari askori beren proposamenak taularatzeko aukera ematen zien.

Arrakastatik itxierara

Hasierako harrera oso ona izan zen. La Farandula nobedadea zen Donostian, eta jende ugari bertaratu zen espazioa ezagutzera. "Hasiera ikusgarria izan zen. Donostian halako gauza berriek funtzionatu egiten dute hasieran, jendeak ezagutu nahi izaten dituelako, eta nobedadeek jende asko mugitzen dutelako", gogoratu du Sagarzazuk. Lehen bi urteetan, beraz, proiektuak espero zuten erantzuna izan zuen. Pixkanaka, baina, ikusleen kopurua jaisten hasi zen. Hala ere, bederatzi urteko ibilbidean egindako lana ez da nolanahikoa izan. "400 emanaldi baino gehiago egin dira La Farandulan. Hiru aretoak aktibo izan ditugu, eta astero eskaini ditugu funtzioak", nabarmendu du Ramosek. Antzerkia eskaintza jarraitua zen, ez jaialdi edo ekitaldi jakin batzuetara mugatutako jarduera.

Beherakada azaltzeko hainbat faktore aipatu dituzte bi bazkideek. "2017an ireki genuen, eta hiru urtera COVID-19aren pandemia etorri zen. Horrez gain, tren geltokiko obrak hasi zituzten eta Egia auzoan egoera dezente aldatu zen. Halaber, auzoan izandako liskarren ondorioz, jendea beldurtu egin zen. Aldaketa horiek ez ziguten batere lagundu", gogoratu du Sagarzazuk. Egoera horren aurrean, ixteko erabakia hartu zuten joan den udan. Negozioa eskualdatzen ere saiatu dira, beste norbaitek proiektuarekin jarraitzeko aukera izan dezan, baina ez dute lortu. "Lokala handiegia dela, sukaldean gasarekin lan egin nahi dutela eta ezin dela... Eskualdatzea gelditu duten hainbat kontu izan ditugu azken asteetan", azaldu du zestoarrak.

Publikoa, guztiaren giltza

Kultur proiektu txiki eta independenteen iraunkortasuna ez da erraza, eta La Farandularen esperientziak agerian utzi du publikoaren erantzuna zein garrantzitsua den. "Publikoaren onarpenak erabakitzen du negozio batek aurrera egingo duen ala ez", dio Ramosek. "Ezin genuen aurreikusi zer gertatuko zen. Obra eder bat jartzen genuen ordutegi egokian, eta ez zuen arrakastarik izaten. Gero, hainbesterainokoak ez ziren bi obra jarri, eta oso harrera ona izaten zuten".

Ez zuten ikusle kopuru egonkorrik lortu, bezeroak fidelizatzea izan zuten zailtasun nagusietako bat. "Jendea noizean behin etortzen zen, baina ez genuen lortu ohiko publiko bat sortzea", azaldu du Sagarzazuk. Ramosen iritziz, kulturaren berezitasuna ere hor dago: "Kultura, oro har, horrelakoa da. Ez da futbola".

Horri erakundeen babes falta gehitu behar zaio. La Farandulak antzerkia euskaraz eskaintzeko ahalegina egin zuen, baina horrek ere zailtasunak ekarri zizkien. Sagarzazuren esanetan, bitxia egiten zitzaien ikusleen hizkuntza ohitura: "Jende asko etortzen zen sarrerak erostera eta euskaraz hitz egiten zigun, baina gero gaztelaniazko funtzioa ikusten zuten, euskarazkoa aukeran izan arren".

Euskarazko antzezlanak sustatzeko, aktoreek bestelako ordainsaria jasotzeko aukera izatea nahi zuten. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuten diru laguntza eske, euskarazko emanaldiak bultzatzeko eta aktoreei konpentsazio ekonomikoa emateko. Erantzuna, ordea, ez zen aldekoa izan. "Ez ziguten laguntza eman, gure negozioak jatetxe izaera ere bazuelako, eta ez zelako soilik antzerkia. Negozio mistoa zen: jatetxea eta antzerkia. Horregatik, kultur arloko laguntzak ezin izan genituen jaso".

Horren ondorioz, euskarazko emanaldiak eskaintzea zailagoa bihurtu zen ekonomikoki. "Aktoreei askotan ez zien konpentsatzen obra euskaraz egiteak, eta gaztelaniazko gehiago egiten genituen. Pena bat da", aitortu du Sagarzazuk.

Hainbat aktore La Farandulako kamerinoetan. (Utzitakoa)

Kulturan, hutsunea

La Farandularen itxierak Donostiako kultur panoraman hutsune bat utziko duela uste dute sortzaileek. Izan ere, ez zen soilik antzezlanak ikusteko tokia: aktoreentzat eta gidoilarientzat lan egiteko eta beren sorkuntzak publikoarekin partekatzeko espazioa ere bazen. Sagarzazuren hitzetan, "antzerkira gerturatzeko aukera handi bat galduko du Donostiak; agian, gehiago itzuliko ez den aukera bat".

Hala ere, ez dute La Farandularen atea erabat itxita utzi nahi. Esker onekoa da bi bazkideen azken mezua, urte hauetan espaziora gerturatu diren ikusle guztiei zuzendua. "Oso eskertuta gaude La Farandulara etorri diren guztiekin. Jende asko etorri da, gustura egon dira, eta askotan poztu izan gara proiektuagatik zoriondu izan gaituztenean. Ikaragarria izan da", gogoratu du Sagarzazuk.

Baina ilusioak ez du beti zenbakien aurrean irabazten. "Zenbakiak zenbakiak dira, eta izorratu egin gaituzte. Pandemiak kalte handia egin zigun". Azkenik, desio bat ere badute: beste norbaitek lokalari bizitza berria ematea. "Ederra izango litzateke gazteren batek lokala hartzea eta zerbait polita egitea. Dena muntatuta dago, dena jarrita. Ea norbaitek guk hasieran izan genuen ilusio berarekin berriro martxan jartzen duen".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide