Azaroaren 8an egingo dute Arroa Bira mendi ibilaldia

Ihintza Elustondo

Iazko Arroa Bira ibilaldian ateratako argazkia. (Utzitakoa)

Urtero egin ohi dute udazken sasoian Arroabeko auzotarrak inguruko parajeak ezagutzera animatzeko txangoa, eta ohiko moduan, bi ibilbide prestatu dituzte: 14 kilometrokoa eta 5,7 kilometrokoa. Ondoren, denek elkarrekin mokadua egingo dute San Lorenten. 

Ezkaizto auzo elkarteak antolatuta, Arroa Bira mendi ibilaldia egingo dute azaroaren 8an, igandez. Urtero egin ohi dute udazken sasoian auzotarrak inguruko parajeak ezagutzera animatzeko txangoa, eta ohiko moduan, bi ibilbide prestatu dituzte.

Ibilbide luzea aukeratzen dutenek hamalau kilometroko distantzia osatu beharko dute, eta 09:00etan abiatuta, honako leku hauek zeharkatuko dituzte: Arroabeko plaza, Mardu, Urain gaina, Olaberri, Arroagoia, Ibañarrieta, San Lorente, Agore eta Arroabea. Ibilbide motza aukeratzen dutenek, berriz, 5,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 10:30ean abiatuta eta leku hauek zeharkatuz: Arroabeko plaza, San Lorente, Agote eta Arroabea. 

San Lorenten, bi ibilbideetako parte hartzaileak elkartuko dira, eta guztiek elkarrekin mokadua egingo dute. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide