Zestoako eta auzoetako adinekoen arteko elkarlana eta zaintza sustatzeko asmoz, 3Z Zahartzaroa Zainduz Zestoan elkarteak bilera irekia antolatu du biharko, osteguna. Topaketa 17:30ean egingo dute, Alondero aretoan, Elkarrekin zahartu, elkarrekin ekin, elkar zainduz lelopean.
Bileraren bidez, zahartzaroan ekimen kolektiboak sustatzeko eta elkartzeko guneak sortzeko aukerak landu nahi dituzte. Horretarako, adinekoei zuzendutako jarduerak, tailerrak eta lantaldeak antolatzea proposatuko dute. Halaber, herriko espazioak zertarako eta nola erabili aztertuko dute, adinekoen parte hartzea bultzatzeko helburuarekin. Bestalde, zaintza zerbitzu publikoen erabiltzaileei eta erabiltzaile ohiei ere egin diete gonbidapena, zerbitzu horien jarraipena egiteko talde bat sortzeko aukera aztertzeko.
3Z elkarteak Zestoako eta auzoetako adineko guztiak animatu ditu bilerara joatera, beren iritziak, proposamenak eta ekarpenak partekatzeko. Helburua, azken batean, zahartzaroan elkarrekin jarduteko eta elkar zaintzeko ekimen berriak sustatzea da.