Bioeraikuntzaren inguruko ikaskuntza eta auzolana uztartuko dituzte igandean Amillubin. Eskola Haziak egitasmoaren barruan antolatutako tailerraren bigarren saioa egingo dute, eta oraingoan muretea eraikitzen arituko dira, aurreko jardunaldian prestatutako oinarriari jarraituz.
09:30ean hasi eta 14:00ak arte luzatuko da saioa. Denbora horretan, parte hartzaileek bioeraikuntzako teknikak praktikan jartzeko, aurrez landutako materialarekin aritzeko eta eraikuntza prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Muretea talde lanean altxatuko dute, eta jardunaldian zehar hamaiketakoa ere eskainiko dute. Tailerrean parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete koordinazioa@amillubi.eus helbidera idatzita.