Kirol orientazio zerbitzua jarriko dute martxan Zestoan

Iraia Oteiza

Olatz Urkizu Zestoako anbulatorioko erizaina, Mikel Arregi Zestoako alkatea, Alaitz Egaña kirol teknikaria eta Auritz Arrizabalaga orientatzailea. (Zestoako Udala)

Zestoako herritarrei jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruko aholkularitza pertsonalizatua eskainiko zaie, bizitza aktiboagoa eta osasuntsuagoa sustatzeko. Zerbitzua gaur, urriak 28, hasiko da martxan, eta Osakidetzatik bideratutako herritarrak artatuko ditu. 

Zestoan Kirol eta Jarduera Fisiko Orientazio zerbitzu berria jarriko da martxan, herritarrei jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruko aholkularitza eta orientazio pertsonalizatua eskaintzeko. Doako zerbitzu honen helburua herritarren artean bizimodu aktiboagoa eta osasuntsuagoa sustatzea da, pertsona bakoitzaren egoera fisikoa, beharrak, baliabideak eta lehentasunak kontuan hartuta.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan aditua den profesional batek eskainiko du zerbitzua. Orientatzaileak Osakidetzatik bideratutako herritarrak artatuko ditu, eta lehenengo hitzorduak gaur, asteazkena, egingo ditu. Zerbitzuaren funtzionamenduari dagokionez, orientatzailea asteazkenero bi orduz egongo da Zestoako anbulatorioan, 09:00etatik 11:00etara. Bertan egingo ditu erabiltzaileekin lehenengo bilerak. Ondoren, jarraipena kiroldegian egingo du, 11:00etatik 13:00etara.

Zerbitzu berriaren helburu nagusietako bat pertsona sedentarioak aktibatzea eta bizimodu sedentariotik aktiboago batera igarotzeko laguntza pertsonalizatua eskaintzea da. Horrez gain, indarra, oreka eta autonomia lantzeko beharra duten herritarrei arreta ematea ere bilatzen du, baita bakardade egoeran egon daitezkeenei eta bizi kalitatea hobetu nahi dutenei laguntzea ere. Horretarako, pertsona bakoitzaren egoera eta aukerak aztertuko dira, haren beharretara egokitutako orientazioa eskaintzeko eta jarduera fisikoa eguneroko bizitzan txertatzen laguntzeko.

Orientatzailea irailetik ari da lanean, baina orain arteko lana barnekoa izan da. Denbora horretan, Zestoan dauden kirol eskaintzak, zerbitzuak eta aukerak identifikatu ditu, zerbitzua abian jartzean herritar bakoitzari zer baliabide eskaini eta nola lagundu zehazteko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide