Baserriaren ordainketa eginda, etorkizuna lantzera doa Amillubi

Maddi Txintxurreta

Amillubi proiektuaren inguruan dabiltzan hainbat lagun, baserriaren ordainketa ospatzen. (Garro anaiak)

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta hura inguratzen duten lurrak eskuratzeko azken ordainketa egin du Biolur elkarteak, 350.000 euroko finantzaketa herrikoiari esker eta bankuekin zorpetu gabe.

Amillubi proiektuak mugarri garrantzitsua jarri du: urriaren 11n egindako azken ordainketarekin, Iraeta auzoan kokatutako Amilibia baserria eta bere lurrak Biolur elkartearen jabetzakoak dira dagoeneko. Abenduan hiru urte beteko dituen nekazaritza agroekologikoaren aldeko proiektuak herritarrek, eragileek eta erakunde publikoek emandako babes ekonomikoari zein sozialari esker lortu du helburua gauzatzea. Ordainketaren etapa gaindituta, Amillubiko kideak etorkizunera begira daude orain.

Biolurrek 2023ko abenduaren 1ean aurkeztu zuen publikoki Amillubi proiektua Azpeitiko Azoka Plazan. Elikadura burujabetza eta nekazaritza eredu agroekologikoa ardatz hartuta, herritarrei elikagaiak eta nekazariei lurrak eskaintzea helburu zutela iragarri zuten egitasmoaren sustatzaileek orduko hartan, eta horretarako, Iraetako baserria eta haren lurrak modu kolektiboan erosteko kanpaina abiatu zuten. Amillubi proiektua hiru urte betetzear dela, helburua lortu duela iragarri du Biolurrek.

Bankuekin zorpetu gabe

Baserria eta lurrak erosteko zein bidean sortutako kostuei aurre egiteko 350.000 euro bildu dituzte guztira: 330.000 euro jabetza bera eskuratzeko eta 20.000 euro zergak zein erregistro gastuak ordaintzeko. Diru hori guztia hainbat herritarrek, eragilek nahiz kooperatibek egindako ekarpenari eta Urola Kostako zenbait udalen –Zestoa, Aizarnazabal, Zumaia eta Azpeitia– babesari esker lortu dute, hau da, bankuekin zorpetu gabe eta interesik ordaindu gabe.

Fagor Herrigintza programaren eskutik jaso zuen Amillubik lehen bultzada finantzarioa, 60.000 eurokoa, baina herritarrek eta eragileek egindako ekarpena izan da proiektuaren sostengu ekonomiko nagusia: 132.000 euro baino gehiago bildu ziuzten 2023ko abendutik aurrera Koop57 fundazioarekin elkarlanean martxan jarri zuten finantzaketa kolektiboarekin. Biolurrera bideratutako zuzeneko dohaintzekin, hainbat kooperatibaren ekarpenekin eta dirua biltzeko asmoz sustatutako bestelako herri ekimenekin lortu dute kopurua borobiltzea.

Ordainketa eginda, etapa garrantzitsu bat itxitzat eman dezake proiektuak. "Hasieratik, Biolur zorpetu gabe Amillubi eskuratzea izan da gure helburua, eta hori lortzeak askatasun moduko bat eman digu. Diru kopuru handia zen, eta milaka pertsonaren babesari esker lortu dugu ordaintzea. Beraz, pozik eta eskertuta gaude", adierazi du Ane Rivas (Arrasate, 1993) Amillubiko talde eragileko kideak.

Auzolana ardatz

Amillubiko kideak ez dira erosketa egiteko zain egon proiektu agroekologikoa sustatzeko eta zabaltzeko. Duela ia hiru urte egitasmoa aurkeztu zutenetik, Iraetako lurrak mantendu eta landu dituzte, eta bide horretan, Rivasek nabarmendu duenez, "auzolana" izan da proiektuaren ardatza: "Auzolanean ordaindu dugu baserria eta auzolanean dihardugu egunerokoan, lursailak lantzen zein elkarrekin ikasten. Horixe da Amillubiren filosofia".

Ane Rivas: "Hasieratik, Biolur zorpetu gabe Amillubi eskuratzea izan da gure helburua, eta hori lortzeak askatasun moduko bat eman digu"

Hala, Biolurreko okinek zekaleen landaketa oparoa dute Amillubin, Aleka proiekturako euskal hazi ekologikoak lortzeko lanean ari dira –alberginiarekin, piperrarekin, zapallito-arekin, babarrunarekin, artoarekin eta ilarrarekin "esperimentatzen" dabiltza–, eta kuia sail bat ere badute ostera saltzeko.

Auzolan hori, gainera, ez dute mugatu lehen sektorean diharduten ekoizleetara, kontsumitzaile ere badiren herritarrek parte hartu baitute proiektuan. Hasieran Auzo(p)lan izendatu zituzten jardunaldien bitartez lortu zuten herritarrak nekazaritzaren mundura hurbiltzea, eta antzeko formatua mantenduta, Eskola Haziak egitasmoa martxan jarri dute aurten: auzolanaren ostean, bateko eta besteko formakuntza saioak eskaintzen dituzte; besteak beste, intersekzionalitatea, pribilegio zuria eta ekonomia agroekologiko zein feminista izan dituzte solasgai orain arte. Azaroaren 1erako jarri dute hurrengo jardunaldirako hitzordua; bioeraikuntza tailer bat eskainiko dute egun horretan.

Eskola Agroekologikoa itu

Sorreraz geroztik, beraz, indartzera egin du Amillubik, eta orain, ordainketa gauzatuta, etorkizuna marrazteko eta "amets berriak irudikatzeko" leiho berriak parez pare irekita dituzte, Rivasek agertu duenez. Hala, egitasmoak hartuko duen norabidea elkarrekin adosteko, Utopiak eraikitzen izeneko parte hartze prozesua lantzen aritu dira iazko abenduaz geroztik Biolur elkartea eta mugimendu agroekologikoko hainbat kide.

Prozesu horren lehen fasean, parte hartzaileek adostu zuten agroekologia, elikadura burujabetza, feminismoa, zaintza, justizia soziala eta komunitate lana izango dituela ardatz Amillubik. Oinarri horiek finkatuta, Amillubiren sareko kideen zein eragileen proposamenak jaso zituzten, eta prozesuaren azken fasean murgilduta daude orain, Asunek Behatokiarekin batera. Ane Rivasek aurreratu duenez, etorkizunerako bi proiektu nagusi lehenestea erabaki dute. Alde batetik, nekazaritza agroekologikoaren belaunaldi arteko erreleboa bermatzea helburu izango duen Eskola Agroekologikoa sortu nahi dute; horren bitartez, prestakuntza, akonpainamendua eta esperimentazioa sustatuko dituzte, elikadura burujabetza eta antolakuntza soziala ardatz hartuta. Bestetik, Amillubiko lurretan test gune bat martxan jartzeko asmoa dute, nekazari berriek beren proiektuak probatzeko aukera izan dezaten, behin betiko instalatu aurretik.

Hala ere, abenduan ospatuko duten hirugarren urteurrenean azalduko dituzte Utopiak eraikitzen prozesuak emandakoaren inguruko xehetasun guztiak. Eguna zehazteke dute oraindik, baina Amillubi epe ertainean zer izango den iragartzeaz gain, Lander eta Zigor Garro anaiek ekoiztu duten dokumentala aurkeztuko dute ospakizun horretan.

Proiektu horiek gauzatzeko, baserria berritzeko asmoa dute Amillubiko kideek. "Etxearen egitura nahiko ondo dagoen arren, baserria zaharra da, eta oinarrizko zenbait konponketa behar ditu, argindarraren instalazioarena, adibidez. Bestalde, Eskola Agroekologikorako eta test gunerako espazioak egokitu beharko dira", zehaztu du Rivasek. Eredu agroekologikoa zabaltzen eta elikadura burujabetzaren bidea urratzen jarraitzeko, beraz, bultzada ekonomiko berri bat beharko dutela aurreikusten dute proiektuko kideek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide