Elkartasuna, ospakizun bihurtuta

Iraia Oteiza

Naroa Vazquez eta Garbiñe Aramendi Zestoako Mugimendu Feministako kideak. (Iraia Oteiza)

Sei auzipetuen absoluzioa ospatuko dute larunbatean Zestoan. Jaialdiak prozesuaren gastuak arintzen lagunduko du. 

Zazpi urteko prozesu judizialaren ondoren, absoluzioaren poza eta bidean pilatutako zama arintzeko beharra uztartuko dituzte larunbatean Zestoan. Elkartasuna plazara jaialdia antolatu du Zestoako Mugimendu Feministak egun horretarako, 2018an auzipetutako eta aurtengo ekainean absolbitutako sei herritarrei babesa adierazteko, haien gastu judizialak arintzen laguntzeko eta elkartasun feministaren garaipena ospatzeko. "Dirua biltzeko, absoluzioa ospatzeko eta herritarrei eskerrak emateko jaialdia izango da", laburbildu du Naroa Vazquez Zestoako Mugimendu Feministako kideak.

Auziaren jatorria 2018an dago. Zestoako gizon batek bere bikotekide ohia eta emakumeari babesa eman zioten bost herrikide salatu zituen, integritate moralaren aurkako eta derrigortze delituak egotzita. Prozesuak zazpi urte iraun zituen eta, iaz, salatutako sei lagunak eseri ziren akusatuen aulkian. Donostiako Auzitegian egin zuten epaiketa 2025eko abenduan, lau egunetan banatuta; epaileak 2026ko ekainaren 5ean eman zuen absoluzioaren berri. Akusatuentzat lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituzten, baita zigor ekonomikoak eta urruntze aginduak ere. Azkenean, ordea, seiak absolbitu zituzten. Epaia albiste pozgarria izan zen haientzat eta haien alde mobilizatutakoentzat, baina prozesuaren ondorioak ez dira epaiarekin desagertu.

Zazpi urteko zama

"Emakume bat gaizki pasatzen ari zen, eta haren inguruan lagun eta babes sare bat sortu zen momentu zail batean berari laguntzeko, baina sare hori kriminalizatu dute; elkartasuna kriminalizatu dute. Zazpi urte oso gogorrak izan dira", nabarmendu du Garbiñe Aramendi Zestoako Mugimendu Feministako beste kideetako batek. Absoluzioak, beraz, arnasa hartzeko aukera eman die, baina, Aramendiren arabera, epaiak ez du urte hauetan guztietan bizitako sufrimendua berez ezabatzen.

Vazquezek ere prozesuaren zama ikusarazteko beharra nabarmendu du. Haren ustez, herritar askok ez dute urte hauetan guztietan akusatuek bizkarrean eraman duten pisua ikusi, ezta epaiketaren data gerturatu ahala berriro azaleratu zitzaizkien beldurren neurria ere. "Azken hilabeteetan beraiek [akusatuak] babestea izan zen gure taldearen helburua", azaldu du.

Absoluzioaren berri izan zutenean, ordea, poza nagusitu zen mugimendu feministako kideen artean. "Zama handi bat gainetik kendu izan bagenu bezala sentitu ginen", gogoratu du Vazquezek. Berriak hunkitu egin zuen: "Nik negar egin nuen albistea jakin nuenean. Poza eta negargura, biak izan nituen, tentsio handiarekin bizi izan nuelako prozesua. Pentsa zer sentituko zuten beraiek".

Absoluzioak zama handia arintzea ekarri badie ere, prozesuak eragindako 30.000 eurotik gorako gastuei aurre egin behar diete orain sei auzipetuek. Zama horri elkartasunez erantzun nahi dio Zestoako Mugimendu Feministak. "Kostu pertsonal handia suposatu du prozesuak akusatuentzat, eta kostu ekonomiko handia ere bai, 30.000 eurokoa", azaldu du Aramendik. Mugimendu feministak badaki jaialdiaren bidez ez dituela gastu guztiak estaliko, baina bere ekarpena egin nahi du.

Herri osoaren inplikazioa

Jaialdiaren antolaketan jasotako erantzuna oso positiboa izan dela nabarmendu dute Aramendik eta Vazquezek. Boluntario ugari ari dira lanean, eta herritarrek hainbat eratara egin dute bat deialdiarekin. Bazkaria prestatzeko, egitaraua antolatzeko eta eguneko beharrei erantzuteko laguntza jaso dute. "Herritar gehienak, era batera edo bestera, beren ekarpena egiten ari dira", dio Vazquezek. Antolatzaileek espero dute larunbatean jende asko elkartzea Zestoan, baina orain arteko erantzunak ere pozik utzi ditu.

Zestoako herritarren inplikazioa ez da berria. 2025eko abenduan, epaiketaren aurretik, ehunka lagun bildu ziren herriko plazan sei auzipetuei babesa adierazteko, eta 27 eragilek egin zuten bat deialdi harekin. Epaiketa egunetan ere elkartasun mobilizazioak egin zituzten auzitegiaren aurrean. Orain, jaialdiak babes hori ospatzeko eta sendotzeko aukera emango du.

Elkartasuna plazara jaialdia egun osoko egitarauarekin dator, adin eta gustu askotako herritarrak elkartzeko asmoz. Antolatzaileen arabera, ekitaldiak Zestoako plazan egingo dituzte, eguraldiak laguntzen badu, eta egitarauak kutsu feminista izango du hasieratik amaierara. Jaialdia eguerdian hasiko da, ongietorri ekitaldiarekin. Ondoren, Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi bertsolariak arituko dira, eta Le Big Gobel taldearekin poteoa egingo dute. 14:30ean herri bazkaria izango da, bazkalostean poesia errezitaldia eta, 17:00etatik aurrera, kontzertuak: Rodeo eta familia, Aizpea, Ke Lepo, Sara Zozaya eta Ines Osinaga izango dira, besteak beste, oholtza gainean.

Bazkarirako sarrerak 25 euro balio du, eta aukera beganoa ere izango da; prezio murriztua, 15 eurokoa, ezarri dute baliabide ekonomiko gutxiago dituztenentzat. Kontzertuetarako sarrerak 18 euro balio du –15 euro prezio murriztuan–. Eta egun osorako txartela, bazkaria eta kontzertuak barne, 40 eurokoa da –28 euro prezio murriztuan–. Zestoan, Portalen eta Ogiberrin eros daitezke sarrerak; Zumaian, Emakumeon Etxean; Azpeitian, Orkatzen eta Nizan; eta Zarautzen, Arranon.

Larunbaterako mezua argi dute mugimendu feministako kideek. "Elkartasuna ez dela delitua. Elkartasuna ospatzera goaz, elkartasunak irabazi duelako, eta elkartasuna delako bidea". Halaber, laguntzaren balioa ere azpimarratu dute: "Merezi du laguntzeak. Emakume bat gaizki pasatzen ari bada, komunitate bezala hor egongo gara, laguntzeko eta babesteko".

Hala ere, azaldu dute inoiz ez luketela pentsatuko emakume bati laguntzeagatik herritarrak epaitegietara iritsiko liratekeenik, are gutxiago espetxe zigor eskaerekin. "Absoluzioa berri pozgarria izan bada ere, auziak agerian utzi du atzerapausoak gerta daitezkeela eta eskubideak eta babes sareak defendatzen jarraitu beharra dagoela. Oraindik asko dago egiteko".

Horregatik, larunbateko jaialdia ez da soilik amaitutako auzi baten ospakizuna izango; elkartasuna berriro plazara ateratzeko, herriaren babesa eskertzeko eta etorkizunean ere emakumeak bakarrik ez daudela aldarrikatzeko eguna izango da. Zestoako Mugimendu Feministaren hitzetan, elkartasunak irabazi du; orain, garaipen hori elkarrekin ospatzea dagokie.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide