Imanol Epelde zarauztarrak Zerbait sartu zait begian ikuskizuna eskainiko du hilaren 18an, igandez, Zestoako Kultur Etxean (18:30), eta hara joateko sarrerak salgai daude Portalen, zazpi eurotan.
Joan den irailean Lesakan estreinatu zuenetik, Zerbait sartu zait begian ikuskizuna Euskal Herrian zehar aurkezten ari da Epelde, eta biraren barruan, Zestoan egingo du geldialdia. Ikuskizun horretan, hitza, musika elektronikoa eta irudia uztartzen ditu artistak, eta egungo garaiak umorez eta irmotasunez kantatzen eta kontatzen ditu. "Bagara, baina ez dakigu oso ondo nor. Bagaude, baina ez dakigu oso ondo non. Bagoaz, baina ez dakigu oso ondo nora", dio ikuskizunaren sinopsiak.
Zarautzen, sorterrian, berriz, azaroaren 6an izango da Epelde bere azken lana aurkezten, Hiruputzu gaztetxean (22:00). Harako sarrerak ere eros daitezke, Garoa liburu dendan.