Felix Izeta xakean lehiatu da berriz, Senegalgo selekzioarekin

Josu Tornay (Berria)

 Felix Izeta xake jokalaria Senegalekin lehiatzen, Olinpiadetan. (Berria) 

Bi hamarkada goi mailatik aldenduta egon eta gero, Xakeko Olinpiadan parte hartu du. Gustura aritu da: "Ez naiz askorik urduritu, eta berriro lehiatzeaz gozatu dut", nabarmendu du. 'Berria' egunkariak argitaratutako artikulua da honako hau. 

Irailean zehar jokatu dute, Samarkandan (Uzbekistan), 45. Xake Olinpiada. Bertan Euskal Herriko xake jokalari bakarrak hartu du parte, eta ez da izan ez Espainiarekin, ez Frantziarekin, Senegalekin baizik. Bi hamarkada baino gehiago goi mailako lehiatik urrun egon ondoren, selekzio horren lehen taulan aritu da Felix Izeta maisu handia (Zestoa, 1961), historian arrakasta handiena izan duten euskal jokalarietako bat. Berriro aritu da Olinpiada batean: "Ilusio berezia egin dit berriro maila handiko txapelketa batean jokatzeak. Gainera, oso gustura aritu naiz. Ez naiz askorik urduritu eta berriro lehiatzeaz gozatu dut. Horixe izan da itzulerako gauzarik positiboenetako bat". Lortutako emaitzekin, berriz, kritikoagoa da: "Egia esan, txapelketa ez zaigu ondo atera. Erritmo falta nabaritu dut denboraren presiopean kalkulatzean. Venezuelaren aurkako partidan edo azken txandan, Omanen kontra, emaitza hobea lortu beharko nuela uste dut. Baina onartu behar dut xakea asko aldatu dela, eta hainbeste urtez lehiatu gabe egoteak eragingo zidan ezinbestean".

Parte hartzaile kopuruari dagokionez, selekzio arteko munduko kirol ekitaldirik handienetako bat da: 206 selekzio lehiatu dira sekzio irekian, eta 189 emakumezkoenean. Aurtengo aldian Uzbekistan izan da garaile, Javokhir Sindarov eta Nodirbek Abdusattorov gazteek gidatuta. India bi puntutara geratu da, eta Alemaniak osatu du podiuma, ezustea emanda. Ameriketako Estatu Batuak ziren irabazteko faborito, baina ez dituzte aurreikuspenak bete, eta laugarren postuan geratu dira. 

Senegal 154. postuan geratu zen, eta, Izetaren ustez, selekzioko kapitainak hartutako erabaki batzuk ez ziren zuzenak izan. "Nire ustez, jardunaldi gehienetan ahalik eta talderik sendoena atera behar zuen. Gazteei aukerak ematea ondo dago, baina ezin dugu ahaztu Senegal ordezkatzen ari ginela, eta hango xakearen zaleen komunitatea gure emaitzei adi zegoela. Azken txandetan talderik indartsuena ez ateratzea erabaki zuen kapitainak, eta ez nator bat erabaki horrekin".

Berria egunkariak argitaratutako artikulua da hau. Jarraitu irakurtzen, hemen. 

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide