Bertako produktuak sustatzeko eta lehen sektorearen zein tokiko merkataritzaren arteko lotura indartzeko, Zestotarra izeneko egitasmoa aurkeztu dute Zestoan. Udalak, Urkomek, Zestoako merkatarien elkarteak eta Danbolinek elkarlanean abiatu dute ekimena, eta herritarrak bertako produktuak herriko saltokietan erostera bultzatu nahi dituzte.
Bertako produktuak, bertako ekoizlea eta bertako merkataritza sustatzearen garrantzia azpimarratu dute ekimenean parte hartu duten eragileek. Hori horrela, Aitor Ossa Zestoako zinegotziak herritarrei dei egin die, ahal den neurrian, bertako produktuak herriko saltokietan eros ditzaten: "Lehen sektoreak eta herriko merkataritzak gu zaintzen gaituzten bezala, guk ere haiek zaindu behar ditugu".
Urkomeko Eli Egigurenek, bestalde, kontsumitzaileek erosketa bakoitzak duen eraginaz jabetzeko beharra nabarmendu du. Azaldu duenez, produktu bat erosteak haren atzean dagoen ekoizlearen lana ere baloratzea dakar. Horregatik, herritarrak Zestotarra etiketa duten produktuak erostera gonbidatu ditu, lehen sektoretik kontsumitzailearenganaino doan katea ez eteteko.
Hiru etiketa mota
Zestotarraren etiketek produktuen jatorriari buruzko informazioa emango dute. Hala, kontsumitzaileek jakin ahal izango dute produktua nork ekoitzi duen eta zein baldintzatan egin den.
Danbolin elkartea arduratu da komunikazio kanpainaren gidaritzaz eta egitasmoaren irudia sortzeaz. Oihane Goikoetxea kideak azaldu duenez, ekoizleak, merkatariak eta kontsumitzaileak lotuko zituen kontzeptu baten bila aritu ziren, eta otarrean aurkitu zuten hiru eremuak elkartzeko sinboloa, "otarrea erosketarekin, bertako zerbaitekin eta eskulangintzarekin lotu daitekeelako". Hortik dator Zestotarra izena, Zestoa eta otarrea hitzak uztartuz sortua.
Ekimenaren barruan hiru etiketa mota prestatu dituzte, eta bertakoak diren produktuek etiketa horietako bana izango dute Zestoako saltokietan. Etiketa batek Zestoako produktuak identifikatuko ditu –etiketa bereizgarriena da, eta ikusgarritasun handiagoa emateko kolore ezberdinak ditu–; beste bi etiketak, berriz, eskualdeko eta Euskal Herriko produktuak identifikatzeko erabiliko dituzte. Modu horretan, produktuaren jatorria erraz ezagutu ahal izango dute kontsumitzaileek.
Horrez gain, Zestoako etxe guztietan ekimenaren inguruko informazioa ematen duten eskuorriak banatu dituzte. Horietan egitasmoaten nondik norakoak azaltzen dira, eta parte hartu duten ekoizleei aurpegia jarri eta haien produktuak zein saltokitan aurki daitezkeen ere jasotzen da.
Gaur-gaurkoz, bost ekoizlek bat egin dute Zestotarra egitasmoarekin: Atristainek, Motxa-eneak, Ekainek, Sakona etxaldeak eta Xarrondok. Aurrera begira, baina, beste ekoizle batzuek ere proiektura batzeko aukera izango dute. Herritarrei, beraz, Zestoan bertan dagoena ezagutzeko eta kontsumoaren bidez tokiko ekoizle eta merkatariei babesa emateko deia egin diete.
Zestoako merkatarien elkarteko Juanjo Allurrek bi mezu nagusi nabarmendu ditu ekimenaren aurkezpenean. Alde batetik, "ahal den guztietan bertako produktuak" erostea: lehen aukera Zestoakoa izatea, bestela eskualdekoa eta, hori posible ez bada, Euskal Herrikoa. Bestetik, erosketak herrian bertan egitea. "Herriko dendetan erostea da aukerarik jasangarriena", azaldu du.