Zestoako EAJk ohar bat bidali du AP-8aren Arroako bidesarian oraindik autobus geralekuak egin gabe daudela salatzeko. EAJk dio duela hiru urtetik ari dela eskaera hori EH Bilduren udal gobernuari helarazten, eta uste du udalak ez dituela beharrezko urratsak egin arazoari irtenbidea emateko. Jeltzeleek nabarmendu dute lanean jarraitzen dutela gune horretan "autobus geraleku seguru eta irisgarriak jartzeko, garraio publikoa hobetzeko eta zestoarren eguneroko joan-etorriak errazteko".
Egoera horren aurrean, Zestoako EAJk beste erakunde batzuekin lanean jarraitu duela adierazi du proiektua bultzatzeko: "Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Bidegirekin elkarlanean ari gara bidesariaren inguruan geltoki berriak sortzeko bidean aurrera egiteko". Garikoitz Mendizabal Zestoako talde jeltzaleko bozeramaileak azaldu duenez, "Zestoak autobus geraleku seguruak, irisgarriak eta pertsona guztientzat egokiak behar ditu ordainlekuan". Haren esanetan, udal gobernuaren aldetik aurrerapausorik egon ez denez, EAJk irtenbide bat bilatzeko lanean jarraitu du. "Helburua argia da: garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen egunerokoa hobetuko duten geraleku seguru eta irisgarriak lortzea", adierazi du Mendizabalek.
Zestoako EAJren ustez, jarduketa horrek "hobekuntza zehatza ekarriko du udalerrian mugikortasun seguruago eta irisgarriago baterantz aurrera egiteko". Talde jeltzaleak adierazi du lanean eta beharrezko jarraipena egiten jarraituko duela "proiektuak aurrera egin dezan eta peajeko autobus geraleku berriak errealitate bihur daitezen".