Larunbatean, urriak 3, egingo dute Aizarnan Beñat Arrue eta Benantxio Irureta mendizaleen oroimenezko Beñat Benantxio mendi ibilaldi neurtua. Hitzordurako egun gutxi batzuk geratzen direla eta, antolatzaileek gogorarazi dute parte hartzeko izena eman behar dela eta oraindik izena emateko aukera dagoela.
Azken aldietan bezala, bi ibilbide prestatu dituzte mendi ibilaldi neurturako. Aizarnan hasi eta bukatuko dira bi ibilbideak, baina bata 25 kilometrokoa izango da, eta bestea, 10,4 kilometrokoa. Ibilbide motza egin nahi dutenek 09:00ak eta 09:30ak artean izango dute irteera ordua, eta luzea hautatzen dutenak 07:30ak eta 08:00ak artean abiatuko dira. 1.300 metroko desnibela duen ibilbidea osatuko dute azken horiek, eta, besteak beste, Komisolatza, Gazume, Iturriotz eta Altzola zeharkatuko dituzte.
Mendi ibilaldi neurtuan parte hartzeko 17 euro ordaindu behar dute mendizaleek, izan ibilbide luzerako zein motzerako. Horretarako, herrikrosa.eus atarian eman daiteke izena. Gainera, ohiko moduan, Aizarnako plazan izango den bazkari batekin borobilduko dute egitasmoa 14:30ean, eta harako ere eman daiteke izena, beste 20 euro ordainduta.