Atzo, osteguna, Ertzaintzak 41 urteko gizon bat atxilotu zuen Zestoan, GI-631 errepidean jarritako polizia kontrol baten gelditzeko aginduari uko egin ostean. Ertzaintzak ohar bidez eman du atzo 19:00 aldera izandako gertakariaren berri. Haren arabera, kontrolean zeuden agenteek behin baino gehiagotan agindu zioten gidariari gelditzeko, baina hark ibilgailua bizkortu eta ihesari eman zion. Patruila batek atzetik jarraitu zuen ihes egindako ibilgailua, eta ihesaldian debekatutako maniobrak egin zituela ziurtatu du Ertzaintzak; kontrako noranzkoan zihoazen ibilgailuek bat-batean frenatu behar izan zutela ihesean zihoanarekin talka egitea saihesteko.
Agenteek ihesean zioan autoa harrapatzea lortu zutenean ere, gidariak azeleratu eta Poliziaren autoa indarrez jo zuela azaldu du Ertzaintzak. Kolpearen ondorioz bi agente zauritu zirela dio oharrak, eta horiek osasun zentro batean artatu behar izan zituztela. Gidaria gero iritsi zen patruila batek atxilotu zuen, desobedientzia delitua eta ausarkeriaz gidatzeagatik bide segurtasunaren aurkako beste delitu bat leporatuta.
Ertzaintzak ziurtatu duenez, atxilotua nahitaezko gidabaimenik gabe ari zen gidatzen, puntu guztiak galduta baitzituen; beraz, isun administratiboa ere jarri diote. Beharrezko polizia eginbideak amaitu ondoren, 41 urteko gizona gaur goizean bertan jarri dute Guardiako Epaitegiaren eskuetan.