Zestoako Bainuetxe ondoan, Urola ibaiko hiru presa txiki eraitsi dituzte

Nerea Uranga

Urola ibaian, Zestoako Bainuetxearen ondoan, presa bat eraitsita. (Nerea Uranga)

Ur ibilgua, arrainen mugikortasuna eta ekosistema hobetzeko planaren barruan eraitsi ditu Zestoako Bainuetxearen ondoko Urola ibaiko hiru presak Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hiru presak botatzeko eskaerarekin bat egin zuen Eguzki erakunde ekologistak 2022. urtean.

Abuztuaren hondarrean eta irailaren lehenetan, Urola ibaiko hiru presa txikitan esku hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamentuak, hiru azpiegituren zatirik handiena eraitsiz. Hiru presa horiek Zestoako Bainuetxearen parean zeuden kokatuta. Ibaiko azpiegitura horiek eraistearen helburua ibaiko ekosistema hobetzea, ur ibilgua lehengoratzea eta arrain espezien migrazio mugimenduetarako oztopo diren elementuak kentzea da, aldundiak zehaztu duenez. Horrez gain, presak kenduta, uholde egoeretan ibaiek gainezka egiteko arriskua gutxitzen dela jasotzen du Gipuzkoako Ibai Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidariak.

Urola ibaiko Zestoako hiru presak eraistearen proiektua Asmatu ingenieritza enpresak idatzi zuen urtearen hasieran, 68.391 euroko aurrekontuarekin. Proiektu horren arabera, eraitsi dituzten bi presa metro inguruko altuerakoak ziren, eta ez ziren erabiltzen. Hirugarren presa, berriz, zubi baten zimendu-lauza zen. Egiturak, ordea, ez dituzte erabat eraitsi, ibaiertzetako hormen eta zubiaren egonkortasuna mantentzeko.

Bainuetxe inguruko hiru presa horiek eraisteko lanak Ipar Lur enpresak egin ditu, 56.080 euroko aurrekontuarekin; horietatik 22.431 euro Europako Batasunak finantzatuko ditu.

Aspaldiko asmoa

Ez da oraingo kontua Zestoako Bainuetxe ondoko hiru presak eraistearena. Izan ere, orain dela lau urte, 2022an, Uraren Euskal Agentziak Gipuzkoako Foru Aldundiari Urola ibaiko hiru presa horiek eraisteko baimena eskatu ziola jakinarazi zuen Eguzki erakunde ekologistak, eta eskaera horren alde egin zuen, aldundian eraistearen aldeko alegazioak aurkeztuta. "Planifikazio hidrologikoak behin eta berriz nabarmentzen du ibai ekosistemak biziberritzeko ez dela nahikoa isurketa kutsakorrak ezabatzea. Era horretan, uren kalitate kimikoa eta biologikoa hobetuko da, baina ibai ekosistemak biziberrituko badira, ur erregimena aldatu eta arrain espezieen mugikortasuna zailtzen edo ezinezko bihurtzen duten presak eta antzeko oztopoak ere ezabatu egin behar dira", azaldu zuen erakunde ekologistak Bainuetxe ondoko presak eraisteko egindako eskaerari lotuta.

Eguzkik azaldutakoaren arabera, Bainuetxe ondoan eraitsitako presa horien antzeko 750 bat gune zeuden 2022an Gipuzkoan; horietatik %75, erabilerarik gabekoak. Gipuzkoako Ibai Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidarian, "irisgarritasun edo konektibitate okerrena" duen Gipuzkoako arroa Urolarena dela esaten da.

Bainuetxe ondoko hiru presa eraisteaz gain, Zestoan beste bi presa txiki ere eraitsi ditu aldundiak: Otaola errekako Gure Toki eta, Altzolarats bailaran, Granada errekakoa.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide