Zestoako jaien balorazioa egin ondoren, "oro har giro onean eta errespetuan oinarrituta" igaro direla uste du Zestoako EAJren udal taldeak, eta festetan izandako parte hartzea eta giroa nabarmentzeaz gainera, jaiak posible egiteko lanean jardundako pertsona denak eskertu ditu. Dena den, "balorazio arduratsu batek" hobetzekoak diren alderdiak ere azpimarratu behar ditu, hurrengo urteetako jaiak hobetzen jarraitzeko, jeltzaleen arabera.
Zentzu horretan, alegia, jaiak hobetzeko kontuan hiru gai nagusi identifikatu dituzte EAJren udal taldekoek: "Arauak betetzea eta adingabeen babesa, edozein indarkeria gertakariren aurrean jarrera irmoa izatea eta musika eskaintza anitzagoa egitea". Gai horiei lotuta, EAJk "kezka" agertu du txosnetan eta ostalaritza establezimendu batzuetan ezarritako ordutegiak ez direlako bete. "Egunerokoan onargarriak ez diren egoerak ezin dira normaltzat hartu jai giroan. Jaiak gozatzeko dira, baina hori guztiz bateragarria da oinarrizko bizikidetza arauak errespetatzearekin. Ordutegi jakin batzuk ez betetzea urtez urte normalizatzen ari da, eta horrek kezka eragiten digu. Guztion artean hausnartu beharreko gaia dela uste dugu", adierazi du Garikoitz Mendizabal EAJren udal bozeramaileak.
Jeltzaleen udal ordezkariei "kezka berezia" sortzen dien beste gai bat "adingabeen alkohol kontsumoa eta alkoholera duten sarbidea" dira. "Ezin dugu beste aldera begiratu adingabeen eta alkoholaren inguruan hitz egiten dugunean. Arduraz jokatu behar dugu, eta inplikatutako eragile guztien konpromisoa beharrezkoa da. Gure gazteentzako ere jaiek gune seguruak izan behar dute", gaineratu du Mendizabalek jaien balorazioa egiteko ateratako oharrean. Jaietan indarkeria gertakariek lekurik ez dutela ere nabarmendu dute EAJkoek, eta irailaren 8ko gauean gertatutako indarkeria gertakaria "onartezintzat" jo du. "Halako gertakari batek udalaren erantzun argia eskatzen du, eta indarkeria mota horiek gaitzesten dituen adierazpen instituzionalarekin bat egiten du EAJk. Era berean, elkartasuna adierazi nahi diogu erasoa jasan duen pertsonari eta haren familiari". Zestoarrei gertatutakoa argitzeko laguntzeko eskatu diete EAJko udal ordezkariek: "Isiltzea ez litzateke aukera bat izan behar". Zestoako jaietako txupinazoan helarazitako balioek izan behar dute oinarria, eta edozein indarkeria gertakari "bateraezina" da horiekin. "Udalak argi hitz egin behar du: Zestoan pertsona guztiek askatasunez, lasaitasunez eta errespetuz gozatzeko moduko jaiak nahi ditugu", azpimarratu du Mendizabalek.
"Erromeria gehiago"
EAJkoen ustez, aurtengo Zestoako jaietan izan den musika eskaintzaren aukeraketan ez da erabat asmatu. Jeltzaleen iritziz, "DJen presentzia gehiegizkoa" izan da, eta faltan sumatu dituzte "belaunaldi desberdinetako pertsonak kaleetan eta plazetan elkartzeko gai diren erromeria gehiago". Adibide gisa, jaietako igandean erromeria musikak izan zuen "harrera ona" nabarmendu dute, eta hori datozen urteetako jaietan kontuan hartu beharko litzatekeela esan dute. "Zestoak adin guztietarako tokia izango duten jaiak behar ditu. Gure ustez, gutxienez bi egunetan erromeria taldeak egon beharko lirateke, eta musika eskaintza orekatuagoa izan beharko litzateke, gazteengana ez ezik, heldu eta adinekoengana ere iristeko", azaldu du bozeramaile jeltzaleak.
EAJk parte hartze eredua positibotzat eta tresna garrantzitsutzat jo du festak antolatzeko. Hala ere, jeltzaleen ustez, programaren prestaketa prozesuan parte hartzeak ez du bermatzen, berez, azken emaitza herritarren sektore guztietara iristea. "Herritarrak entzutea eta parte hartzaile egitea ezinbestekoa da, baina ondoren programa bere osotasunean aztertu behar da, eta galdetu ea benetan adin guztientzako aukerak eskaintzen ari garen. Horrek izan behar du helburua: jai parte hartzaileak, anitzak eta seguruak izatea, Zestoa osoa parte sentitzeko modukoak", erantsi du Mendizabalek.