Zestoako amabirjinak 2026

Jaietako azken egunean pertsona batek jasandako erasoa salatu du Zestoako Udalak

Julene Frantzesena

Zestoako Banda 'Amparito Roca' jotzen, Erdikalea jendez beteta dela. (Ihintza Elustondo)

Erakundeak azaldu duenez, parranda giroko ordu txikietan pertsona bat "era basatian" kolpatu zuten, eta erasoaren ondorioz, lepa uztaia hautsita Donostia ospitalean ingresatu zuten. Erakundeak "irmoki" salatu du erasoa, eta gogorarazi du eztabaidarik sutsuenak ere ez duela horrelako erasorik justifikatzen.

Zestoako Udalak Ama Birjina jaietako azken egunean izandako "gertakari larriak" salatu ditu ohar bidez. Erakundeak azaldu duenez, parranda giroko ordu txikietan pertsona bat "era basatian" kolpatu zuten, eta erasoaren ondorioz, lepa uztaia hautsita Donostia ospitalean ingresatu zuten. "Gaur egun, gainera, neurologia zerbitzuek erasotutako pertsona zaintzapean daukate", gaineratu du udalak.

Erakundeak "irmoki" salatu du erasoa. Zestoa herri lasaia dela, eta salbuespenak salbuespen, urtez urte, herriko jaiak tratu onean eta elkarbizitzan ospatzen jakin izan duela zehaztu du. "Eztabaidarik sutsuenak ere ez du pertsona baten aurkako horrelako erasorik justifikatzen, eta antzeko jarrera bortitzak guztion elkarbizitzaren aurkako erasotzat hartzen ditugu". Erasoa jasan zuen pertsonari elkartasuna adierazi dio udalak, baita erasoa jasan zuen pertsona artatu zutenei eta osasun zerbitzuei deitu zieten herritarrei eskerrak eman ere.

Erasorik izan ez balitz, herriko jaien balorazioa baikorra litzatekeela esan du Zestoako Udalak, ekitaldi jendetsuak izan direlako eta festetan giro "sanoa" izan delako nagusi. "Zikinkeria eta lehen larunbateko txikizioa ahaztu gabe, antolaketan beste urteetan izandako hainbat arazo saihestea lortu da", esan du. Erakundeak adierazi duenez, antolatzaileek egindako lanari esker, inoiz baino txukunago eta ordenatuago egin dituzte Antton Etxera herri bazkaria eta Kuadrillen Eguneko paella jana.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide