Arroabean ikastaroren bat egin nahi dutenek badute horretarako aukera, Ezkaizto auzo elkarteak zabalik baitu ikasturte berriko ikastaroetarako izen emate epea. Beste urte batez, auzo elkarteak eskaintza zabala aurkeztu du. Kirol arloan, Arroa Aktibo gimnasia saioa, total training saioa, yoga, xakea eta zumba praktikatzeko aukera izango da Arroabean, eta kultur arloan, trikitia nahiz panderoa eta eskulanak.
Ikastaro horietan izena eman nahi dutenek, hil honen 26ra arteko epea izango dute Txara dendan. Ezkaiztok azaldu duenez, ikastaro bakoitzak auzoko gune zehatz batean gauzatuko dute, hala nola Elkargunean, Kultur Etxean, Eskola Zaharrean, salto gelan eta gimnasioan. Honako lotura honetan ikus daiteke ikastaroei lotutako informazio guztia.
Ikastaro gehiago
Egutegi zehatza izango duten ikastaro horiez guztiz gain, auzo elkarteak bestelako aldizkako ikastaroak egiteko asmoa duela ere adierazi du. Besteak beste, argazkilaritza, meditazioa, gitarra, aiko-a eta lorezaintza. Nolanahi ere, horien datak izena ematen datuen arabera zehaztuko ditu Ezkaiztok. Gainera, azpimarratu du dagoeneko martxan dauden ikastaroetako ikasleek ez dutela berriro izena eman beharrik izango.