Urriaren 3an egingo dute Beñat Benantxio ibilaldi neurtua, eta izena eman daiteke

Ane Olaizola

Beñat Benantxio mendi ibilaldi neurtua, duela bi urte. (Utzitakoa)

Beñat Arrue eta Benantxio Irureta mendizaleen oroimenez Aizarna inguruko hainbat mendi zeharkatuko dituzte parte hartzaileek, ibilbide motza edo luzea aukeran izanda. Herrikrosa.eus atarian eman daiteke izena, baita ondorengo bazkarirako ere. 

Aizarnako Herri Elkarteak, Zestoako Udalak eta Agiro mendi taldeak bi urtean behin antolatzen duten Beñat Benantxio mendi ibilaldi neurtua egingo dute urriaren 3an bosgarrenez, eta mendizaleek, egun horretan, Aizarnako eta inguruko txoko ugari zeharkatuko dituzte Beñat Arrue eta Benantxio Irureta mendizaleen oroimenez. Azken aldietan bezala, bi ibilbide prestatu dituzte mendi ibilaldi neurturako, eta batean zein bestean parte hartzeko izena eman daiteke dagoeneko. 

Aizarnan hasi eta bukatuko dira bi ibilbideak, baina bata 25 kilometrokoa izango da, eta bestea, 10,4 kilometrokoa. Ibilbide motza egin nahi dutenek 09:00ak eta 09:30ak artean izango dute irteera ordua, eta luzea hautatzen dutenak 07:30ak eta 08:00ak artean abiatuko dira. 1.300 metroko desnibela duen ibilbidea osatuko dute azken horiek, eta, besteak beste, Komisolatza, Gazume, Iturriotz eta Altzola zeharkatuko dituzte. 

Mendi ibilaldi neurtuan parte hartzeko 17 euro ordaindu behar dute mendizaleek, izan ibilbide luzerako zein motzerako. Horretarako, herrikrosa.eus atarian eman daiteke izena. Gainera, ohiko moduan, Aizarnako plazan izango den bazkari batekin borobilduko dute egitasmoa 14:30ean, eta harako ere eman daiteke izena, beste 20 euro ordainduta. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide