Zestoako amabirjinak 2026

Zestoako jaien atariekoetan, adinekoen txanda da gaur

Nerea Uranga 2026ko abuztuaren 30a

Txalo zaparrada jaso dute gaur Zestoako festetako Adinekoen Egunean omenduak izan diren herritarrek. Plazan edota Laranjadin egiten zuen beroa tarteko, udaletxe azpian, itzalpean, egin dute ekitaldia. Arratsaldean, herri kirol erakustaldia eta Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria izango dira.

Atzo gazteena eta gaur adinekoena, bi festa egun dituzte asteburu honetan Zestoan, eta oraindik jairik handienak etortzeko dituzte; datorren larunbat eguerdian, irailaren 5ean, botako dute ofizialki festak hasteko txupinazoa. Gaurkoan herriko bi adinekoenak eta 85 urte bete dituzten herritarrak omendu dituzte udaletxe azpian egindako ekitaldian.

12:30ean, meza izan da elizan, eta hura amaitutakoan hasi da adinekoei zuzendutako ekitaldia. Bero egiten zuenez eta ekitaldira batutako jendea eguzkitan ez egotearren, udaletxearen azpiko arkupeetan egin dute ekitaldia. Arkupeak jendez beteta egin du Zestoako Udalak aitortza ekitaldia, Idiakaitz taldeko txistulariek eta Itxaropena taldeko dantzariek lagunduta.

Herriko bi adinekoenak omendu dituzte gaurko saioan: 98 urte dituen eta Arroabekoa den Primitiva Garate Urbieta eta 94 urteko Iñaki Martin Iriondo Ibarguren zestoarra. Garate ekitaldian bertan izan denez, berak jaso du zapia. Iriondo, baina, ez da joan eta haren tokian seme-alabek hartu dute udalak emandako txapela. Horiekin batera, herrian bizi diren 85 urteko guztiei omenaldia egin diete, ekitaldira ez dira denak joan, baina joan direnek Itxaropenako dantzarien eskutik jaso dute udalak eskainitako zapia. Ekitaldia dantzarien aurrekuarekin bukatu da, eta bildutako herritarrek txalo zaparrada luzea eskaini diete omenduei.

Mikel Arregi alkateak eta Fernando Arzallus kultura teknikariak gidatu dute saioa, eta egunaz gozatzeko esan diete herriko adinekoei. Ekitaldia bukatutakoan batera bazkaltzeko elkartu dira.

Arratsaldean gehiago

Arratsaldean jarraituko dute Adinekoen Eguneko ekitaldiek. Hona hemen egitaraua:

  • 17:30. Herri kirolak, frontoi zaharrean. Harri jasotzen, Irati Osinalde, Udane Ostolaza eta Jon Unanue Goenatxo. Aizkoran, Ugaitz Mugertza eta Arkaitz Etxebeste. Euria egiten badu, kiroldegiko aterpera lekualdatuko dute.
  • 19:00. Erromeria, Izer eta Alabier trikitilariak, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide