Amabirjinetarako herria girotzen hasi da Zestoan Gazte Eguneko ekitaldiekin. Goizeko partean 39. Ondarbasoko Igoera erlojupeko txirrindularitza proba jokatu da. Kirol ekitaldiaren ondoren, herritarrak plazan elkartu dira bazkaltzeko, Antton Olaizola herrira lelopean egin duten elkartasun bazkarian.
Bazkalostean, herritarrak frontoi zaharrean bildu dira Txapei eta Olaizen eta Sasiain eta Olaizola bikotearen arteko pilota partida ikusteko. Giro ederra sortu da pilota partidan, eta jendeak ederki animatu ditu pilotariak. Azkenean, 22-11 irabazi dute Sasianek eta Olaizolak.
Kirol ekitaldian batutakoak, UK03 txarangarekin kalejiran plazara joan dira gero, eta kalerik kale ibili dira txarangak jotako doinuekin dantzan eta kantuan. Gazte Eguna bukatzeko, Laranjadin Indabe, Lukiek eta Manitu taldeen kontzertuak izango dira.
Bihar, igandea, beste festa egun bat izango dute Zestoan. Izan ere, Adinekoen Eguna ospatuko dute egun guztiko egitarauarekin. Idiakaitz txistulari taldekoen doinuekin esnatuko da Zestoa, eta 12:30ean meza izango da parrokian. Meza ostean, herriko edadetuenak diren Primitiva Garate eta Iñaki Martin Iriondo omenduko dituzte, baita 85 urteko herritarrak ere. Omenaldi ekitaldiaren ostean, jubilatuen bazkaria izango da, eta arratsaldean, herri kirol erakustaldia. Eguna bukatzeko, erromeria izango da Izer eta Alabier trikitilariekin.
Bihar, igandea. Adinekoen Eguna.
- 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
- 12:30. Meza.
- 13:15. Herriko edadetuenei oroigarriak eskainiko dizkiete Laranjadi plazan. Aurtengo omenduak Primitiva Garate Urbieta eta Iñaki Martin Iriondo Ibarguren izango dira. Horiekin batera, herrian bizi diren 85 urteko guztiei omenaldia egingo zaie eta oroigarriak eskainiko zaizkie. Ekitaldia Idiakaitz Txistulari Taldeak eta Itxaropena dantza taldeak alaituko dute.
- 14:30. Bazkaria, Jubilatu Etxean.
- 17:30. Herri kirolak, frontoi zaharrean. Harri jasotzen, Irati Osinalde, Udane Ostolaza eta Jon Unanue Goenatxo. Aizkoran, Ugaitz Mugertza eta Arkaitz Etxebeste.
- 19:00. Erromeria, Izer eta Alabier trikitilariak, plazan.