2026-2027 ikasturteko Zestoako kiroldegiko jarduera gidatuetan izena emateko epea datorren asteartean, irailaren 1ean, zabalduko dute, eta irailaren 15era bitartean egongo da izena emateko aukera. Eskaerak eskainitako plazak baino gehiago badira, irailaren 16an egingo dute zozketa eta hurrengo egunean, 17an, argitaratuko dituzte kiroldegian behin betiko zerrendak.
Ikasturte berriko eskaintzak adin eta maila guztietarako jarduerak biltzen ditu eta berrikuntzekin dator: Heldua Fit, Yoga, Total Training, OKI (oreka, koordinazioa eta indarra), Senior Fit +65, Gaztea Fit, Arroa Aktiboa eta Aizarna Aktiboa. Bi eskaintza berriak, berriz, honakoak dira: batetik, Total Training ikastaroan talde berri bat egongo da 15:15etik 16:15era, herritar gehiagori jarduera fisikoa egiteko aukera eskainiz. Bestetik, Gaztea Fit ikastaroa ere eskaini dute hastear dagoen ikasturtean. Azken hau 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago, eta ostiraletan 17:00etatik 18:00etara egingo da. Jarduera berri honen helburuak dira gazteenen artean jarduera fisikoa egiteko ohitura sustatzea eta bizimodu aktibo eta osasungarria bultzatzea.