Bukatu dira Aizarnako festak

Aitziber Arzallus 2026ko abuztuaren 18a

Atzo arratsaldeko ginkanarekin eta dantzaldiarekin, amaitutzat eman dituzte aurtengo amabirjinak. Lau egun festetan murgilduta igaro eta gero, atseden hartzeko garaia iritsi zaie aizarnarrei.

Aizarnarrei iritsi zaie atseden pixka bat hartzeko ordua. Ostiral arratsaldean txupinazoa bota zutenetik, festa giroko jarduerak eta ekitaldiak bata bestearen atzetik izan dituzte herrian, baina kito, bukatu dira aurtengo amabirjinak. Atzokoa izan zuten jaietako laugarren eta azken eguna, eta zalantzarik gabe, umeak eta gaztetxoak izan ziren protagonistak.

Goiz partean kalaka zurez egindako jolasetan ibili ostean, bazkaria egin zuten, arratsaldeko ginkanarako eta dantzaldirako indarrak hartzeko. Izan ere, eta argazkietan ondo ikus daitekeenez, denak emanda ibili ziren plazan jarritako oztopo zirkuituan. Eta han nahikoa izerdi bota ez balute bezala, gorputza astintzen jarraitu zuten gero ere, Osto DJarekin izan zuten dantzaldian. Horrekin, bukatutzat eman zituzten aurtengo Aizarnako festak.  

(Argazkiak: utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide