Umeak protagonista, Aizarnako festetako azken egunean

Aitziber Arzallus 2026ko abuztuaren 17a

Kalaka zurez egindako jolasetan pare bat orduz ibili eta gero, bazkaria egin dute haur eta gaztetxoek, indarrak beharko baitituzte aurretik duten arratsaldeari aurre egiteko. 17:00etan hasita, ginkana egingo dute, eta ondoren, festetako azken ekitaldia, Osto DJarekin dantzaldia.

Azken txanpan sartu dira Aizarnako festak, gaurkoarekin bukatuko baitira. Hala ere, oraindik gelditzen zaizkio egunari ordu batzuk, eta gaurko protagonistak, umeak, gozatua hartzen ari dira eurentzat bereziki antolatutako jarduerei esker. 

Udaletxeko balkoitik txupinazoa botata hasi dute eguna, eta jarraian, pare bat orduz, kalaka zurez egindako jolasetan ibiltzeko aukera izan dute. Hamaika eratako jolasak zituzten eskura plazan barrena sakabanatuta, eta eguerdi arte atsegina igaro dute haietan ibiliz. Horren umeak ez diren zenbaitek ere aprobetxatu dute aukera. 

Ondoren, sabelak bete eta indarrak berreskuratzeko, bazkaria egin dute han bertan, arratsalde mugitua baitute aurretik. 17:00etan hasita, ginkana egingo dute, eta bukatzeko, 19:00etatik aurrera, dantzaldia izango dute Osto DJarekin. Horrekin bukatuko dira aurtengo Aizarnako festak. 

(Argazkiak: utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide