Oilasko biltzearen bueltan, festa Aizarnan

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 16a

Urtero legez, abuztuarenn 16a izanik, oilasko biltzea egin dute hainbat gaztek goizean. Baserriz baserri ibili dira, eskean eta dantzan, eta plazan elkartu dira eguerdian; aurreskua egin dute han. Umeek krosa egin dute goizean, bestalde, eta eguerdian paella jana gauzatu dute dozenaka lagunek plazan. Gauean erromeria eta DJ emanaldia izango dira. Bihar izango da festetako azken eguna.

Jaietan bete-betean murgilduta segitzen dute Aizarnan. Gaur, amabirjinetako hirugarren eguna izanagatik, herritarrak atzera festa giroan murgildu dira eguerdi partean. Hain zuzen ere, umeek krosa egin dute 12:00etan hasita, eta hainbat herritar paella prestatzen ere hasi dira ordu horren bueltan.

Oilasko biltzea izan da eguerdiko protagonista, ordea. Urtero legez, gazte talde bat baserriz baserri ibili da 07:30ean hasita, eskean eta dantzan, trikitilariek lagunduta, eta ohiturari segituz, plazan elkartu dira eguerdian. Ikusmina piztu du ekitaldiak; hainbat lagun joan dira plazara partaideen aurreskua ikustera. Gero, herritar hainbat elkartu dira plazaren bueltan, paella bazkaltzeko.

Gauean segituko du egitarauak. Izan ere, Laket taldearen erromeria izango da 22:30ean hasita, eta hura bukatzean, Costmix DJak emanaldia eskainiko du.

Bihar izango da festetako azken eguna, baina izango da ekitaldirik. Hona hemen egitaraua:

Bihar, astelehena

  • 11:00-13:00. Kalaka zurezko jolasak.
  • 13:30. Umeen bazkaria.
  • 17:00. Ginkana.
  • 19:00. Osto DJa.

(Argazkiak: utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide