Aizarnazabalgo taldea nagusi, Aizarnako festetan jokatutako erronkan

Aitziber Arzallus 2026ko abuztuaren 16a

Sekulako ikus-mina sortu zuen aizarnazabaldarrek eta aizarnarrek elkarren kontra jokatutako herri kirol erronkak. Gaur eta bihar ere festa giroa nagusi izango da, hainbat ekitaldirekin. 

Atzokoa ere egun bete-betea izan zuten Aizarnan. 09:45ean, meza nagusiarekin hasi zuten eguneko egitaraua, eta ondoren, hamaiketakoa egiteko aukera izan zuten herriko jubilatuek. Sabelak bete ondoren, frontoiaren bueltan bildu ziren herritarrak, hiru pilota partidako jaialdia ikusteko. 

Hala ere, eguneko ekitaldirik jendetsuenak arratsalde partekoak izan ziren, eta aparteko ikus-mina sortu zuen herri kirol erronkak, aizarnazabaldarrak eta aizarnarrak elkarren kontra jardun baitziren. Lokotx biltzen, ingude altxatzen, harri jasotzen, aizkoran, trontzan eta korrika aritu ziren bi taldeetako kideak, nor baino nor, dozenaka lagun begira zituztela. Lehia estua izan bazen ere, azkenean, Aizarnazabalgo taldea izan zen nagusi. 

Herri kirolak bukatuta, Bost Axola taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. Afalostean, berriz, bingoan ibili ziren hala nahi izan zutenak, eta gauari musika jartzeaz DJak arduratu ziren. 

Gaur eta bihar ere festa giroan jarraituko dute Aizarnan. Goizean oilasko biltzea egin dute, eta egun luzea dute aurretik, umeen krosarekin, paella janarekin eta Laket taldearen kontzertuarekin, besteak beste. 

Hona hemen gaurko eta biharko egitaraua osorik: 

Gaur, igandea

  • 12:00. Umeen krosa.
  • 14:30. Oilasko biltzaileen aurreskua, plazan.
  • Jarraian, paella jana.
  • 22:30. Laket. 
  • Gero, Costmix DJa.

Bihar, astelehena

  • 11:00-13:00. Kalaka zurezko jolasak.
  • 13:30. Umeen bazkaria.
  • 17:00. Ginkana.
  • 19:00. Osto DJa.

(Argazkiak: utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide