Lanbideekin lotutako mozorroak soinean, aizarnarrak murgildu dira amabirjinetan

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 15a

Janari banatzaileak, kupoi saltzaileak, garbitzaileak, sorosleak, mekanikoak... Askotariko ofizioei lotutako mozorroak soinean zituztela joan ziren herritarrak plazara atzo arratsaldean, txupinazoa ikustera. Suziria botata, karropoteoa, herri afaria eta musika emanaldiak izan zituzten festan segitzeko osagaiak. Gaur ere izango dute zertaz goza aizarnarrek.

Aizarnan festetan murgilduta dira herritarrak dagoeneko. Atzo arratsaldean bota zuten amabirjinei hasiera eman zien suziria; ohiko moduan, aurten jaiotako ume bat eta haren gurasoak arduratu ziren horretaz. Gainera, herritarrak mozorrotuta atera ziren kalera, aurtengo gaiak zioenari erantzunez. Izan ere, festen antolatzaileek lanbideak jarri zituzten mozorroak sortzeko gaitzat.

Janari banatzaileak, kupoi saltzaileak, garbitzaileak, sorosleak, mekanikoak... Askotariko ofizioei lotutako mozorroak soinean zituztela joan ziren plazara herritarrak, eta jaien hasierako suziria hantxe bota zuten, 18:00ak iristearekin. Karropoteoa egin zuten segidan, eta gero, herri afaria frontoian. Ondoren, ordu txikietara arte luzatu zuten festa Obaneukeren erromeriaren eta Patx DJaren emanaldiaren aitzakian. 

Gaur ere izango dira festa ekitaldiak; izan ere, meza, jubilatuen hamaiketakoa, pilota partidak, herri kirol erronka, Box Axolaren emanaldia, bingoa eta DJ emanaldia izango dira. 

Hona hemen datozen orduetarako eta egunetarako prestatuta duten egitarau osoa:

Abuztuaren 15a, larunbata

  • 09:45. Meza Nagusia.
  • Jarraian, jubilatuen hamaiketakoa.
  • 12:00. Pilota partidak. Lehen neurketan Lizarralde eta Telleria Bergararen eta Aranbururen aurka ariko dira; bigarrenean, Lizarralde eta E. Egiguren, Olanoren eta P. Egigurenen aurka; hirugarrenean, berriz, A. Aranguren eta U. Egiguren Sasiainen eta Alonsoren kontra.
  • 18:00. Herri kirolak. Aizarnako taldea Aizarnazabalgoaren aurka ariko da.
  • 19:30. Boxt Axolaren emanaldia.
  • 22:30. Bingoa.
  • Jarraian, DJ emanaldia.

Abuztuak 16, igandea

  • 07:30. Oilasko biltzearen hasiera.
  • 12:00. Umeen krosa.
  • 14:30. Oilasko biltzaileen aurreskua, plazan.
  • Jarraian, paella jana.
  • 22:30. Laket. 
  • Gero, Costmix DJa.

Abuztuaren 17a, astelehena

  • 11:00-13:00. Kalaka zurezko jolasak.
  • 13:30. Umeen bazkaria.
  • 17:00. Ginkana.
  • 19:00. Osto DJa.

 

(Argazkiak: Utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide