Berrikuntzekin datoz datorren ikasturteko kirol jarduerak

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 28a

Zestoako kiroldegia.

Total training ikastaroan talde berria egongo da arratsaldeko lehenengo orduan; 12-15 urte bitarteko gaztetxoentzat, berriz, Gazte Fit ikastaroa jarriko dute martxan.

2026-2027 ikasturteko Zestoako kiroldegiko jarduera gidatuetan izena emateko epea irailaren 1ean zabalduko den arren, kirol jardueren eskaintza ezagutarazi dute dagoeneko, berrikuntza eta guzti. 

Ikasturte berriko eskaintzak adin eta maila guztietarako jarduerak biltzen ditu: Heldua Fit, Yoga, Total Training, OKI (oreka, koordinazioa eta indarra), Senior Fit +65, Gaztea Fit, Arroa Aktiboa eta Aizarna Aktiboa. Bi berritasun nagusi dakartza aurtengo eskaintzak: batetik, Total Training ikastaroan talde berri bat egongo da 15:15etik 16:15era, herritar gehiagori jarduera fisikoa egiteko aukera eskainiz. Bestetik, Gaztea Fit izeneko ikastaroa ere eskaintzaren barruan egongo da. Azken hau 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago, eta ostiraletan 17:00etatik 18:00etara bitartean egingo da. Jarduera berri honen helburua da gazteenen artean jarduera fisikoa egiteko ohitura sustatzea eta bizimodu aktibo eta osasungarria bultzatzea. 

Datorren ikasturteko kiroldegiko jardueretan parte hartzeko irailaren 1etik 15era bitartean eman ahal izango da izena. Eskaerak eskainitako plazak baino gehiago badira, irailaren 16an zozketa egingo dute eta irailaren 17an argitaratuko dira behin betiko zerrendak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide