Santio egunari pilota partidekin eta jan-edanarekin ekin diote Arroagoian

Aitziber Arzallus 2026ko uztailaren 25a

Epaimahaiak ebatzi du Julek eta Abrilek egindako patata tortilla izan dela lehiaketara aurkeztu dituztenetan onena; sagardo txapelketa, berriz, Azketa Errotak irabazi du. Horiek dastatu bitartean, frontoira begira egon dira herritar asko eta asko, ikuskizuna eman baitute pilotariek, batez ere gizonek. Arratsaldean jarraituko du festak, 18.30ean hasiko den herri kirol erakustaldiarekin. 

Azpeitian bakarrik ez, Arroagoian ere festetan dira atzo arratsaldeaz geroz, santio-santanetan hain zuzen. Txupinazoa bota osteko ospakizunak apurtxo bat luzatu zitzaizkien arren, gaur goizean aitzakiarik gabe jaiki dira festa batzordeko kideak  aurreikusitako ekintzak prestatzera, eta Santio egunez ohikoa duten eran, sagardo eta patata tortilla dastaketak egin dituzte frontoiaren inguruan, pilota partidak ikusten zituzten bitartean. 

Auzotarrak ez ezik, bisitariak ere ugari bertaratu dira Arroagora, eta horren erakusgarri auzora iristeko errepidearen bi aldetara aparkatuta zeuden auto guztiak. Hala ere, inor ez da gelditu ez gosez, ez egarriz. 

Patata tortilla txapelketara bost tortilla aurkeztu dituzte, eta epaimahaiak horietatik bi onenak hautatu ditu saria merezi zutelakoan. Tortilla onenaren saria Julerentzat eta Abrilentzat izan da, eta bigarren saria Lierni Goenagarentzat.

Sagardo txapelketara herriko sei baserritan egindako sagardoak aurkeztu dituzte gaurkoan, eta horietatik onena Azketa Errotan egindakoa iruditu zaio epaimahaiari; horrenbestez, harentzat izan da saria. 

Frontoian, berriz, ikuskizuna eman dute pilotariek, batez ere gizonek, tentsio handikoa partida amaierarekin. Aritz Olaizolak eta Julen Odriozola Txapei-k Xabat Sasiainen eta Oier Alonsoren kontra jokatu duten partida izan da hori, goizeko bigarrena. Lehen minututik azkenekora, oso norgehiagoka parekatua izan da, eta partidan zehar hainbat alditan izan dira markagailuan berdinduta. Azkenean, bikote gorria, Sasianek eta Alonsok osatutakoa, izan da 22 tantora iritsi dena, aurkariak 20 tantoan utzita. 

Aurrez, emakumeek jokatu dute partida, haiek ere binaka. Naroa Gastiain eta Naroa Salaberria Usue Loiolaren eta Laia Gastiainen aurka aritu dira, eta tanto politak utzi dituzten arren, ez da bigarren partida adinako lehiatua izan. Markagailua horren erakusgarri, 22-8 irabazi baitute Loiolak eta Gastianek. 

Eguerdira artekoak eginda, arratsaldean jarraituko du festak Arroagoian. 18:30ean hasita, herri kirol erakustaldia izango da plazan. Aizkoran, Hodei Ezpeleta Bihurri eta Joxean Etxeberria ariko dira; harri jasotzen, berriz, Udane Ostolaza eta Goenatxo III.a. Eta hori guztia girotzeaz Izer eta Alabier trikitilariak arduratuko dira.

Gauean, 23:00etatik aurrera, erromeria izango da Ahantzi taldearekin, eta haren ostean, Indate DJak hartuko du erreleboa, festa ordu txikietara arte luzatzeko. 

Hona hemen gaur arratsaldeko, biharko eta etziko egitaraua, oso-osorik: 

Gaur, larunbata, Santio eguna

  • 12:00. Patata tortilla eta sagardo lehiaketa. Tortillak 11:30erako aurkeztu behar dira.
  • Jarraian, esku pilota partidak: Naroa Gastiain-Naroa Salaberria vs Usue Loiola-Laia Gastiain eta Aritz Olaizola-Julen Odriozola vs Xabat Sasiain-Oier Alonso.
  • 18:30. Herri kirolak eta Izer eta Alabier trikitilariak. Aizkoran, Hodei Ezpeleta Bihurri eta Joxean Etxeberria; eta harri jasotzen, Udane Ostolaza eta Goenatxo III.a.
  • 23:00. Ahantzi taldearekin erromeria.
  • 02:00. Indate DJaren emanaldia, goizaldera arte. 

Bihar, igandea, Santa Ana eguna

  • 11:00. Meza nagusia.
  • Ondoren, jubilatuentzat hamaiketakoa eta bingoa, Akulu bertsolariek alaituta.
  • 17:00. Apar festa.
  • 19.00. Herritarren arteko kirolak.
  • 22:30. Argazki proiekzioa, eliz atarian.
  • 23:00. Laja eta Lutxurdio trikitilariek alaituta, dantzaldia.

Etzi, astelehena

  • 11:00. Gaztetxoen Tolareko Igoera.
  • 12:00. Zirku tailerra.
  • 14:00. Umeentzako bazkaria.
  • 16:30. Ume jolasak. Jolasetarako izen ematea,16:00etan.
  • Jarraian, txokolate jana.
  • 18:30. Zezen txikiak eta poniak, Tapita ganadutegiaren eskutik.
  • Bitartean, Lanberri eta Garixe trikitilariak. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide