Julen Odriozola 'Txapei': "Noiz eta non ez dakit, baina nik uste plazara itzuliko naizela"

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 24a

Julen Odriozola 'Txapei' txinga eroaten, anaia ondoan duela, Euskal Pentatloi Txapelketaren kanporaketan. (Ataria)

Julen Odriozola Txapei zestoarra Euskal Pentatloi Txapelketaren kanporaketan lehiatu da aurten, aurrenekoz. Ez du lortu aurrera egitea, baina "pozik" dago egindako lanarekin.

Hamalau kirolari nor baino nor aritu ziren larunbat arratsaldean Villabonako (Gipuzkoa) Errebote plazan, Euskal Pentatloi Txapelketaren kanporaketan; horien artean zegoen Julen Odriozola Txapei (Zestoa, 2001). Aurreneko aldia zuen zestoarrak pentatloian, eta ez zuen lortu lanak antolatzaileek ezarritako 20 minutuko langaren azpitik bukatzea. Hala ere, egindakoarekin "pozik" dago Txapei. Noiz eta non izango den oraindik ez dakien arren, plazara itzuliko delakoan dago. 

Aurrenekoz lehiatu zara pentatloian. Nolatan animatu zara parte hartzera? 

Betidanik gustatu izan zaizkit herri kirolak. Euskal Pentatloi Txapelketaren kanporaketan izena emateko epea ireki zutela ikusi nuen, eta beroaldi batean, izena ematea erabaki nuen. Zestoar bati 100 kiloko harria eskatu genion, bola, eta bion artean erabaki genuen harri hura altxatzea lortzen banuen pentatloian izena emango nuela; bestela, ez. Nola hala altxatzea lortu nuen, eta halaxe eman nuen izena. 

Denbora asko eman al duzu entrenatzen? Zer egin duzu prestatzeko?

Otsailean eman nuen izena, eta hiruzpalau hilabete eman ditut hitzordu horretarako prestatzen. Dena hutsetik ikasi behar izan dut, inoiz aritu gabea nintzelako aizkoran, harri jasotzen, giza proban zein txingekin. Denbora eskaini behar izan diot prestaketari, eta, egia esan, kostatu egin zait. Baina, zerotik hasi naizenez, akatsak zuzentzea ere errazagoa izan da, eta azkenerako gustua hartu diot. 

Nork lagundu dizu entrenatzen? 

Luis Txapartegi aizkolari aizarnarrarengana joaten nintzen astean behin entrenatzera. Hark erakutsi dit aizkoran, eta giza probako harria ere badaukanez, han aritu naiz proba horretarako prestatzen ere. Esan dezaket entrenamendu osoenak Txapartegirekin egin ditudala, baina etxean ere aritu naiz. Aitak eta anaiak aizkorarako egurrak prestatu dizkidate, eta, haien laguntzarekin, etxean ere asko entrenatu dut.

Aita eta anaia aipatu dituzu. Babes handia eman al dizute? 

Bai, handia. Egurra aizkorarako prestatzeak lan handia ematen du, eta aitak eta anaiak egiten dute lan hori. Nik hamar minutu igarotzen banituen egurrarekin entrenatzen, aurretik aitak eta anaiak lana egina zutelako da.  Horretan lagundu izan ez balidate, denbora ikaragarri beharko nukeen aizkorako probarako prestatzeko.

Kanporaketan zer proba egin behar izan zenituen? 

100 kiloko bolari hamar altxaldi eman behar izan genizkion aurrena; gero, giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin behar genuen; aizkoran, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebaki behar izan genituen; 50 kiloko txingekin hiru plaza osatu behar izan genituen segidan; eta kilometro bat korrika eginda amaitu genituen lanak.

Nola sentitu zinen saioan zehar?

Harria jasotzen eroso, etxean baino hobeto. Giza proban, berriz, ez dakit zer gertatzen zen, baina lurrak harriari heldu-edo egiten zion, eta hori egin zitzaidan denetan gogorrena. Gero, aizkoran ere nahi baino nekatuago aritu nintzen, eta azkeneko bi probak ahal nuen moduan osatu nituen. 

Zenbat denbora behar izan zenuen lanak amaitzeko?

Asko jota, 20 minututan amaitu behar genituen lan guztiak, eta ez nuen lortu amaitzerik. Hamabosgarren minutuan hasi nintzen korrika, azken proba zen, eta lortuko nuela pentsatzen nuen. Zazpigarren bira egiten ari nintzela, baina, bareak-edo heldu zidan, ez dakit azaltzen zehazki zer gertatu zitzaidan, baina ziztada moduko batzuk sentitu nituen sabelean, eta ezin jarraituta gelditu nintzen. 20 minutuak pasatuta zeuden, eta hiru buelta falta nituela, proba utzi nuen. Baina lehenengo aldia izateko, gustura geratu naiz, esperientzia oso polita izan da. Proba amaitzea beste helbururik ez nion jarri nire buruari; ezin izan nuen, baina pozik nago egindakoarekin. 

Herritarrak eta lagunak Villabonako plazan izan ziren zu animatzen. Horrek ere lagunduko zizun lehiatzerakoan, ezta?

Banekien kanporaketa ikustera joateko Zestoatik autobusak antolatu zituztela, eta nire izenarekin 80 bat kamiseta egin zituztela ere bai. Kanporaketaren aurretik, gainera, kalean topo egin nuen herritar askok esan zidaten Villabonako plazan izango zirela, ni animatzen. Horrek guztiak ere aurrera egiteko indar handia eman zidan, noski.

Aurrera begira, zer aurreikuspen dituzu? Herri kirolekin jarraitu eta plazaz plaza ibiliko al zara?

Kirola egiten, behintzat, nola edo hala ariko naiz. Pilotan aritzen naiz eta horretan jarraitzeko asmoa dut. Bestelakoan, etxean ere aizkorari jarraipena ematea pentsatzen dut, ez azken hiruzpalau hilabeteetako erritmoan, baina tarteka arituko naiz.  Ez nuke nahi dena kolpetik uztea; ikasitakoarekin aurrera egin nahi dut, pixkanaka. Noiz eta non ez dakit, baina nik uste plazara itzuliko naizela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide