Torreko hodia ezagutzeko aldi baterako erakusketa zabaldu dute Ekainberrin

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 22a

Erakundeetako eta Ekainberriko ordezkariak, Ekainberrin. (Andoni Elduaien)

Torreko hodia duela 60 urte aurkitu zuten Oiartzungo Torre haitzuloan, eta pieza horren historia eta edukia ezagutzeko aldi baterako erakusketa zabaldu dute Zestoako Ekainberri museoan. Gaurtik abenduaren 31ra arte egongo da ikusgai erakusketa. Begiris elkartearekin elkarlanean, ikusmen urritasuna duten pertsonentzat ere egokitu dute erakusketa. 

Oiartzungo (Gipuzkoa) Torre haitzuloan aurkitu zuten 1966. urtean Torreko hodia, Paleolitoko arte higigarriaren pieza, eta gaur, asteazkena, pieza horren historia ezagutzeko erakusketa zabaldu dute Zestoako Ekainberrin. Gaurtik urte honen amaierara arte egongo da ikusgai Torreko hodia. 12.000 urteko galdera izeneko erakusketa, eta erakundeetako nahiz Ekainberriko ordezkariek parte hartu dute hura aurkezteko egin duten irekiera ekitaldian. Hain justu, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Mikel Arregi Zestoako alkateak, Sonia San Jose Gordailuko arkeologoak zein erakusketaren edukien arduradunak, Juanjo Aranburu Ekainberriko zuzendariak, Asier Erostarbe Torreko hodia ikertu duen arkeologoak eta Begiris elkarteko ordezkaritza batek parte hartu dute ekitaldian.

Ekainberriko Euskal Herriko labar artearen erakusketa gelako liburutegiaren eremuan jarri dute aipatu erakusketa, aurkikuntzaren 60. urteurrena aitzakiatzat hartuta. Erakusketaren bidez, pieza horren historia, ezaugarriak eta ikerketa zientifikoa ezagutu ahal izango dituzte herritarrek. Zehazki, Torreko hodia zer den, zer irudi dituen, irudi horiek nola grabatu zituzten eta orduko herritarrek pieza zertarako erabili zezaketen azalduko dute. 

Zanga hegaztiaren hezurrezko hodi naturala da Torre haitzuloan aurkitu zuten apaindutako pieza. Aranzadi zientzia elkartearekin Gipuzkoako leku arkeologikoen bilakaera aztertzen eta katalogazio lana egiten ari zirela aurkitu zuten animalia horren hezurra. Gainera, lurrazalean aurkitu zuten pieza; alegia, testuinguru arkeologikotik eta estratigrafiatik kanpo. Hori ikusita, ikerketa estratigrafikoa gauzatu zuten, eta ondoren, Jesus Altunak gidatuta, bi indusketa kanpaina egin zituzten Oiartzungo haitzuloan. Lan horiek amaitzean, 1991. urtean, Ignacio Barandiaran doktoreak Torreko hodiaren grabatuak eta ikerketa argitaratu zituen aurrenekoz. 

21 zentimetro eskas dituen pieza da Torreko hodia, eta guztira, 23 motibo daude grabatuta bertan, bi ilaratan. Hodian animalien irudiak –oreina, zaldia, sarrioa, basahuntza eta uroa–, giza irudikapen bat eta hainbat zeinu daude grabatuta. Horiek guztiak duela 12.000 urte ingurukoak direla adierazi du Erostarbe arkeologoak. Hala eta guztiz ere, hodia zein garaitakoa den zehaztea ia ezinezkoa da, pieza lurrazalean aurkitu zutelako. Ordea, piezaren apainduren aberastasunagatik eta kontserbazio egoera onagatik, Erostarbek azaldu du Madeleine aldiaren edo Goi Paleolitoaren bukaerako adierazpen artistiko garrantzitsuenetariko bat dela hura. "Bi basahuntz ageri dira bisio frontalean, eta hori Madeleine aldiko konbentzio oso zehatza da, gainera, zuzenki, Kantauri isurialdekoa". Erostarberen arabera, gutxienez, hiru fasetan egin zituzten grabatuak, bata bestearen gainean baitaude. Dena den, oraindik argitu gabe dago piezak zer funtzio zuen, eta horregatik, erakusketa bisitatzen dutenek beren hipotesiak azaltzeko aukera izango dute. 

Barandiaranek egindako argitalpenaz geroztik, Gordailuan egon da pieza, eta Erostarbe arkeologoak bere tesia egiteko hartu zuen hura. Gordailuko San Josek esan du beraien helburua dela ikerketa sustatzea eta ondarea nahiz ezagutza jendartean zabaltzea. "Gordailua ez da museo bat, biltegi bat da. Gipuzkoan ez dago, gaur-gaurkoz, museo arkeologikorik edo museo paleontologikorik, eta horregatik, ezinbestekoa da Ekainberri bezalako erakundeen lana gure ondarea zabaltzeko", azaldu du hark. Hain justu, hark gogoratu du Gordailuak eta Ekainberrik elkarlanean dihardutela azken hiru urteetan, gaur inauguratu duten erakusketaren modukoak egiteko. Elkarlan horri esker, urtero-urtero ondarearen zati txikiak aurkezten saiatzen dira. 

Aurkezpenean parte hartu duten kideak erreplikak eskuetan hartuta. (Andoni Elduaien)

Erakusketa irisgarria

Ekainberrin zabaldu duten erakusketak badu berezitasun handi bat: Begiris elkartearekin elkarlanean, Ekainberrik erakusketa irisgarria egin du pertsona itsuentzat edota ikusmen urritasuna dutenentzat. Elkarte horren aholkularitza jaso du museoak, eta hori hala, hainbat pieza sortu dituzte berariaz, herritar guztientzat irisgarriak izan daitezen: Torreko hodiaren erreplika jatorrizko neurrian, erliebe altuan egindako Torreko hodiaren tamaina handiko erreplika eta grabatuak hobeto igartzeko plaka. 

Begiris elkartearen izenean, Josean Txintxurretak hitz egin du. Hark ikusmen urritasuna du, eta eskerrak eman dizkie erakusketa eratu aurretik beraiekin harremanetan jarri izanagatik. Txintxurretak nabarmendu du, bera bezalako pertsonek izan ditzaketen mugak gainditzeko, erakusketaren arduradunek elkartera jo zutela, zer egin zezaketen galdetzeko: "Guretzat oso garrantzitsua da irisgarritasuna edukiarekin lotzea. Batzuetan, gainetik begiratzen dira halako kontzeptuak edota irizpide arinak izaten dira. Ordea, erakusketa honetan egin den moduan, askotan ez da beste munduko ezer egin behar izaten. Pertsona guztiak ez dira adituak gauza guztietan, eta batzuetan, erabiltzaileekin hitz egin behar izaten da, gurekin egin duten bezala. Bestearen lekuan jarri behar izaten da gauzak egiteko". 

Alvarez diputatuak azaldu du Ekainberrin dagoen piezak aukera eskaintzen duela elementu hori herritar guztiengana hurbiltzeko. "Torreko hodiak duela 12.000 urte Gipuzkoan bizi zirenen galderak sortzeko, irudikatzeko eta formulatzeko gaitasunarekin lotzen gaitu. Erakusketa honek aukera ematen du aparteko pieza bat herritar guztiengana hurbiltzeko, ikerketa, dibulgazioa eta irisgarritasuna uztartuz. Ondare publikoak pertsona guztiek ezagutu, ulertu eta gozatzeko moduan egon behar du". Erakusketa hori ikusmen urritasuna duten pertsonentzat egokitu izana ere txalotu du diputatuak: "Kulturarako sarbidea bermatzea berdintasunean aurrera egitea eta gizarte inklusiboagoa eraikitzea da. Ekainberrik berriro erakutsi digu gure iragana zaintzea oraina ezagutzeko eta hiritartasuna sortzeko modu bat dela". 

Arregi Zestoako alkateak, bestalde, Ekain kobazuloaren garrantzia azpimarratu du. "Ekimen garrantzitsua eta interesgarria da ondarea ezagutaraztea eta, horretarako, Ekainek munduko mapan duen kokapena baliatzea". Era berean, Begiris elkartekoei eskerrak eman dizkie hark, ondare publikoa, urritasunak urritasun, irisgarri egiten lagundu dutelako. Horrekin batera, Zestoako alkateak turismo ereduen gainean hitz egin du. "Kostaldetik gertu gaude, eta udan erabat masifikatzen da inguru hori. Badirudi turismo eredu bakarra dagoela, baina, zorionez, badugu bestelako turismo eredu aberats bat, ondareaz jakitea bezalakorik ez dagoelako. Poztekoa da guztiontzat eskaintza hori hemen izatea". 

Torreko hodiaren erreplikak. (Andoni Elduaien)

Bisitak erakusketara

Aranburu Ekainberriko zuzendariak azaldu du taldekako bisitak egin ahal izango direla Ekainberrira, eta horiek bisita gidatuen formatuan gauzatuko dituztela, gida batek zuzenduta. Gainera, sortu duten piezaren erreplika ukitzeko eta sentitzeko aukera izango dute bisitariek. Erakusketa Ekainberriren ohiko ordutegian zabalduko dute, eta sarrera arruntarekin bisitatu ahal izango da. Nolanahi ere, etzi, ostirala, sarrera doakoa izango da publiko orokorrarentzat, 17:00etatik 19:00etara; Ekainberriren webgunean erreserba egitea nahitaezkoa izango da, ordea. 

Datorren astetik irailaren 4ra arte, berriz, ostiralero eskainiko dute doako bisita gidatu labur bat; 17:15ean gazteleraz emango dituzte azalpenak, eta 17:45ean, euskaraz. Irailaren 4tik aurrera erakusketa bisitatu nahi duenak info@ekainberri.com helbide elektronikora idatzi edo 943-86 88 11 telefono zenbakira deitu beharko du. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide