Umeak protagonista, Arroabeko karmenetako hirugarren egunean

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 17a

Umeentzako jolasak, bazkaria, puzgarriak nahiz txokolate jana izan dituzte gaur aukeran Arroabeko haur zein gaztetxoek. Gainera, 2025ean Arroabean jaiotako hamar umeri ongietorria egin diete festen egitarauaren barruan. Igandera arte luzatuko da festa auzoan. 

Haur eta gaztetxoek askotariko ekintzez gozatzeko parada izan dute gaur egun osoan zehar Arroabeko Karmen jaietan. Ume jolasak izan dituzte goizean, umeen bazkariarekin indarrak hartu dituzte ondoren, eta arratsaldeko puzgarriekin, eskulanekin, Guka txokoarekin eta txokolate janarekin borobildu dute eguna. Gainera, 2025ean Arroabean jaiotako hamar umeri ongietorria egin diete plazako eszenatokian.

Festak jarraipena izango du iluntzean. Auzo afaria egingo dute aurrena, eta Hoben, The Lio, Indate DJa eta Fury DJa arduratuko dira goizaldera bitartean auzoa alaitzeaz.

Asteburuan ere izango dute zertaz gozatua Arroabean. Adin eta gustu guztietako herritarrentzak ekintzak izango baitira aukeran. Hona hemen geratzen denaren egitaraua: 

Gaur, ostirala

  • 21:00. Herri afaria.
  • 23:00. Kontzertuak eta DJak: Hoben, The Lio, Indate DJa eta Fury DJa.

Bihar, larunbata

  • 11:00. Paella lehiaketa.
  • 14:00. Kuadrilen bazkaria.
  • 17:30. Kuadrilen arteko jolasak, Lopene ganadutegiko zezen txikiekin.
  • Ondoren, Lopene ganadutegiko enbolatuak.
  • 19:00. Hamarru elektrotxaranga.
  • 23:00. Txosnan, Trikidantz eta Bull DJa.
  • 00:00. Zentroan, Saizar, Eddy eta Kroke DJak.

Etzi, igandea

  • 12:00. Motx pailazoa.
  • 13:00. Zestoako bandaren kontzertua.
  • 18:00. Sagardo dastaketa.
  • 19:00. Izer eta Alabierrekin erromeria.
  • 22:00. Bandera jaitsiera.

(Argazkiak: Iraia Oteiza eta utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide