Saharako haurrei harrera egin die Zestoako Udalak

Ihintza Elustondo 2026ko uztailaren 17a

Uda eskualdean igarotzen ari diren Saharako haurrei harrera egin die Mikel Arregi alkateak Zestoako udaletxean. Ondoren, jolasak egin dituzte, eta arrastaldean, Ekain kobazuloa bisitatzera joango dira. 

Atzo Zumaian eta joan zen astean Azkoitian egin bezala, gaur Zestoan egin diete harrera uda eskualdean igarotzen ari diren Saharako haurrei. 12:00ak pasatxo elkartu dira haurrak Zestoako udaletxean, eta Mikel Arregi alkateak egin die harrera. Gaur, Ahmedek hartu du alkatearean tokia, eta hari eta harekin batera bildu diren haurrei elkartasuna adierazi die alkateak. "Zoritxarrez, munduan injustizia asko daude, eta injustizia horietako bat, asko irauten ari dena, herri sahararrarena da. Konplizitate asko daude hori hala izan dadin; tartean, lotsagarria da Espainiako Estatuaren jarrera". Bertaratu diren haur guztiei "uda zoriontsua" opa die Arregik, eta "eskerrik beroena" adierazi die haiek Euskal Herrian izan daitezen lanean ari diren guztiei. 

Alkateaz gain, ekitaldian parte hartu dute Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariak, Mujtar Leboihik, eta Darahliko koordinatzaile Samuel Ruizek. Leboihik ere hartu du hitza ekitaldian, eta eskerrak eman dizkie harrera familiei nahiz haur sahararrei laguntzea erabaki duten familia guztiei. Ekitaldia amaitzeko, haur bakoitzak motxila bat jaso du opari bezala; koadernoak, kamisetak... zeuden motxilaren barruan, eta gustura hartu dituzte. 

Ekitaldia amaitzean, guztiek elkarrekin argazkia atera dute, eta, ondoren, jolasak egin dituzte Zestoako plazan. 14:00etan herriko elkarte batera joango dira bazkaltzera, eta, arratsaldean, berriz, bisita gidatua egingo dute Ekain kobazulora.

Ekainetik eskualdean

Ekainaren amaieran heldu ziren haur sahararrak Urola Kosta eskualdera, Oporrak Bakean programari esker udako hilabeteak Euskal Herrian igarotzera. Haur horietako batzuk harrera familietan egongo dira hilabete hauetan, eta besteak Azpeitiko Ikasberri ikastolan egokitutako Udako Bakelekuan

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide