Festa giroa herrigunetik landa eremura eramanez hasi dituzte Karmen jaiak Arroabean

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 15a

Kazaola baserrian piztu duten suziriarekin hasi dituzte jaiak Arroabean. Horren ostean, karrozaren atzetik baserriz baserri ibili dira auzotarrak, txupinazo txikiak eginez eta meriendatuz. Igandera arte luzatuko da festa auzoan. 

Urteroko gisan, Kazaola baserrian piztu duten suziriarekin batera hasi dituzte Arroabean Karmen jaiak, festa giroa herrigunetik landa eremura eramanez. Kazaolan hasi dute festa, baina jaietarako prestatu duten karrozaren atzetik baserriz baserri ibili dira auzotarrak gero, baserri horietako bakoitzean suziri txiki bat piztuz, eta meriendatuz. 

Duela urte batzuk arte, goizean goiz, 06:00etan egiten zuten karrozaren baserriz baserriko ibilbidea, baina jende gehiago erakartzeko asmoz, arratsaldez egiten dute jarduera hori orain; hala, familiek eta haurrek ere parte hartzeko aukera dute. Dozenaka haur, gazte nahiz heldu elkartu dira festei hasiera eman dien ekitaldian, eta gogotik gozatu dute horiek karrozaren atzetik egin duten ibilbidean. 

Baserrietako ibilbidea egin ostean, herrigunera itzuli dira denak, eta Joxe Miel plazan egin dute txupinazo ofiziala. Aurten lehen aldiz festa batzordeko kideek hitza hartu dute ekitaldi horretan, eta auzolanaren eta euskararen garrantzia azpimarratu dituzte auzotarren aurrean. 

Behin txupinazoa botata, festa bete-betean murgildu dira Arroabean. Igandera arte luzatuko da festa, eta adin eta gustu guztietako herritarrentzako ekintzak izango dira aukeran. Hona hemen gaurtik aurrerako festetako egitaraua: 

Gaur, asteazkena

  • 23:00. Patx DJa, Zentroan.

Bihar, osteguna

  • 11:00. Futbito txapelketa.
  • 12:00. Meza.
  • 15:00. Itxaropena dantza taldearen emanaldia.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria.
  • Ondoren, trikitilariak.
  • 18.00. Herri kirolak.
  • 19:30. Ill. Etxera esku pilota txapelketako finala.
  • 22:00. Mus txapelketa.

Etzi, ostirala

  • 11:00. Ume jolasak.
  • 13:00. Umeen bazkaria.
  • 15:00. Puzgarriak.
  • Ondoren, 2025eko kintadari ongietorria eta txokolate jana.
  • 19:00. Gozau txaranga.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 23:00. Kontzertuak eta DJak: Hoben, The Lio, Indate DJa eta Fury DJa.

Uztailak 18, larunbata

  • 11:00. Paella lehiaketa.
  • 14:00. Kuadrilen bazkaria.
  • 17:30. Kuadrilen arteko jolasak, Lopene ganadutegiko zezen txikiekin.
  • Ondoren, Lopene ganadutegiko enbolatuak.
  • 19:00. Hamarru elektrotxaranga.
  • 23:00. Txosnan, Trikidantz eta Bull DJa.
  • 00:00. Zentroan, Saizar, Eddy eta Kroke DJak.

Uztailak 19, igandea

  • 12:00. Motx pailazoa.
  • 13:00. Zestoako bandaren kontzertua.
  • 18:00. Sagardo dastaketa.
  • 19:00. Izer eta Alabierrekin erromeria.
  • 22:00. Bandera jaitsiera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide