Amabirjin jaiak ospatuko dituzte irailean Zestoan, eta festa horien egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa jarri du martxan udalak. Lanak aurkezteko azken eguna uztailaren 30a, ostirala, izango da, eta erabakia hartuko duen epaimahaia udaleko Kultura, Euskara, Kirola, Kulturartekotasuna eta Jaiak batzordeko kideek osatuko dute.
Aurreko urteetako gisan, lehiaketan parte hartzeko Zestoan erroldatuta egon beharko dute herritarrek, eta partaide bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Lan horiek 21x21 zentimetro neurrian egin beharko dira, eta jatorrizkoak, aurrez argitaratu gabeak eta lehiaketaren batean saritu gabeak izan beharko dute. Gainera, proposamenetan honako testu hau jarri beharko dute diseinatzaileek: Zestoa Festak 2026 edo Zestoako Festak 2026.
Gutun azal baten barruan, egilearen datuak eta NA zenbakia zehaztu beharko dituzte partaideek, eta gutunazal horrekin batera aurkeztu beharko dute lana; haren atzealdean ere jarri beharko dute NA zenbakia. Horiek Zestoako udal bulegoan utzi beharko dituzte partaideek. Saritutako lanaren jabea Zestoako Udala izango da, eta erakunde horrek argitaratzeko eskubidea izango du.