Merkaturatze agroekologikoa izango dute mintzagai igandean Amillubin

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 9a

Amillubin egindako ekitaldietako bat. (Maialen etxaniz)

Auzolana, ikaskuntza eta elkartrukea uztartuko dituzte igandean Amillubiko jardunaldian, Eskola Haziak egitasmoaren barruan egingo den laugarren saioan. 09:00etan hasiko da egitaraua, baina 11:30ean izango da eguneko saio nagusia: Elikagunearen funtzionamenduaz eta ekonomia agroekologiko eta feministaz ariko dira Mirene Begiristain eta Ioritz Aizpuru.

Merkaturatze agroekologikoa izango dute hizpide igandean, hilak 12, Amillubin. Eskola Haziak egitasmoaren barruan egingo den laugarren saioa izango da, eta auzolana, ikaskuntza eta elkartrukea uztartuko dituzte jardunaldian. Interesa duen orok izango du bertaratzeko aukera, saioa irekia izango baita. 

Auzolanarekin hasiko dute eguneko egitaraua, 09:00etan; horretarako eskularruak eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Jarraian, kafea hartu eta solaserako tartea izango dute parte hartzaileek. 11:30ean, berriz, Elikagunearen funtzionamendua ezagutzeko parada izango dute, eta ekonomia agroekologikoa eta feministaren gakoak eta hausnarketak ere partekatuko dituzte han bildutakoek. Mirene Begiristain eta Ioritz Aizpuruk gidatuko dute eguneko saio nagusia izango dena. Halaber, Amillubiri lotuta osatzen ari diren dokumental laburrerako irudi batzuk ere grabatuko dituzte igandeko jardunaldian. Garro anaiak arituko dira goizean zehar irudiak jasotzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide