Udako hilabeteetan ohikoa den moduan, festak ospatzen ari dira azken boladan han-hemenka, eta Arroabean izango da hurrengo geldialdia. Izan ere, Karmen jaiak ospatuko dituzte han datorren astean. Zehazki, asteazkenean, hilaren 15ean, botako dute jaien hasierako suziria, eta igandera bitartean, hilak 19, izango da zertaz gozatua.
Asteazkenean, 18:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua. Urteroko gisan, karrozarekin baserriz baserri ibiliko dira auzotarrak, eta, horrela, festa giroa herrigunetik landa eremura eramango dute. Lorea Itulain Arroabeako festa batzordeko kideak azaldu duenez, herriguneko txupinazoa bota aurretik pizten dute suziria auzoko baserri batean. "Festei hasiera beti baserri batean ematen diegu, Kazaola baserrian. Karrozaren atzetik baserriz baserri oinez joaten gara, eta baserri bakoitzean suziria pizteko ohitura dugu, festen hasiera irudikatuz. Txupinazo nagusia nahiz eta Kazaolan izaten den, baserri bakoitzean txupinazo txiki bat egiten dugu", kontatu du. Festa giroa etxeraino eramatearen trukean, baserri bakoitzean merienda ematen diete.
Duela urte batzuk arte, goizean goiz, 06:00etan egiten zuten karrozaren ibilbidea, eta Itulainek azaldu duenez, gaupaseroek bakarrik parte hartzen zuten ekintzan. Horregatik, erabaki zuten jarduera hori arratsaldean egitea, jende gehiagok parte hartzeko aukera izan dezan, baita haurrek ere. Orain, jende dezente animatzen da karrozarekin ibilbidea egitera. "Ez dakit seguru zenbat elkartzen garen, baina 50-100 lagun artean bai", dio Itulainek. Musikaz lagunduta joaten dira baserriz baserri, eta baserrietan bizi diren adinekoek gustura hartzen dute bisita. "Jende nagusia da baserrietan bizi den gehiena, eta haietako batzuk hiltzen joan dira, gainera. Aspaldiko ohitura da karrozarena, baina pixka bat kostatzen ari zaigu transmisio lan hori egitea", adierazi du Itulainek. Dena den, tradizioari eusteko asmoa dute posible den bitartean behintzat, eta aurten ere joango dira baserrietara bisitan, "baserritik ateratzen ez diren heldu askok gustura hartzen dutelako". Eta jende hori festa garaian bazterrean gera ez dadin nahi dutelako ere bai, haiek ere festaren parte egin nahi dituztelako.
Baserrietako ibilbidea egin ostean, herrigunera itzuliko dira, eta Joxe Miel plazan egingo dute txupinazo ofiziala. Aurten lehen aldiz festa batzordeko kideek hitza hartuko dute ekitaldi horretan. Itulainek berak ez du parte hartuko pregoiaren irakurketan, baina taldearen izenean hitz egingo dute ordezkari batzuek. Aurten, bi gai jarriko dituzte mahai gainean, Itulainek aurreratu duenez: "Festak auzoko gazteok antolatzen ditugu, eta auzolan horren garrantzia nabarmendu nahi dugu. Horrez gain, euskararen aldeko hitz batzuk ere esango ditugu, auzoan euskara gainbeheran doala nabaritu dugulako. Hau da, Arrobean euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatuko dugu". Beraz, auzolana eta euskara, bi gai horiek jarriko dituzte erdigunean aurtengo festen hasierako ekitaldian.
Kuadrillen arteko jolasak bueltan
Behin txupinazoa botata, festa bete-betean murgilduko dira Arroabean, eta igandera bitartean, adin eta gustu guztietako herritarrentzako ekintzak izango dira han. Berrikuntza berezirik ez da izango egitarauan, baina azken bost urteotan egin gabeko ekintza bat berreskuratuko dute: kuadrillen arteko jolasak izango dira aurten. Itulainek azaldu duenez, jarduera horrek beherakada izan du azken urteetan, eta, horregatik, kentzea erabaki zuten. Dena den, aurten berreskuratu egingo dituzte, eta guztira, lau kuadrilla lehiatuko dira jolasetan. Arroatik kuadrilla bakarra animatu da, eta gainontzeko hiru taldeak beste herrietako kuadrillek osatuko dituzte: Itziarko talde bat eta Zumaiako bi animatu dira. "Kuadrillen arteko jolasak berreskuratzeko gogoa genuen, eta ikusita Arroako jendearekin bakarrik taldeak osatzea ezinezkoa zela, inguruko herrietako jendeari galdetu diogu ea animatzen al ziren". Azkenean, herri arteko txapelketaren itxura hartuko du, beraz, ekintzak. Zezenekin egingo dituzte, gainera, kuadrillen arteko jolasak.
Festek irauten duten bitartean, herritar orori zuzendutako bi otordu egingo dituzte Arroabean: herri afaria ostiralean eta kuadrillen bazkaria larunbatean. Horietan parte hartu nahi dutenek aurrez eskuratu beharko dituzte sarrerak, Txara dendan.
Egitaraua
Hona hemen festetako egitaraua, osorik:
Uztailak 15, asteazkena
- 18:00. Karroza.
- Herrira iritsitakoan, bandera igoera eta txupinazoa.
- 23:00. Patx DJa, Zentroan.
Uztailak 16, osteguna
- 11:00. Futbito txapelketa.
- 12:00. Meza.
- 15:00. Itxaropena dantza taldearen emanaldia.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria.
- Ondoren, trikitilariak.
- 18.00. Herri kirolak.
- 19:30. Ill. Etxera esku pilota txapelketako finala.
- 22:00. Mus txapelketa.
Uztailak 17, ostirala
- 11:00. Ume jolasak.
- 13:00. Umeen bazkaria.
- 15:00. Puzgarriak.
- Ondoren, 2025eko kintadari ongietorria eta txokolate jana.
- 19:00. Gozau txaranga.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:00. Kontzertuak eta DJak: Hoben, The Lio, Indate DJa eta Fury DJa.
Uztailak 18, larunbata
- 11:00. Paella lehiaketa.
- 14:00. Kuadrilen bazkaria.
- 17:30. Kuadrilen arteko jolasak, Lopene ganadutegiko zezen txikiekin.
- Ondoren, Lopene ganadutegiko enbolatuak.
- 19:00. Hamarru elektrotxaranga.
- 23:00. Txosnan, Trikidantz eta Bull DJa.
- 00:00. Zentroan, Saizar, Eddy eta Kroke DJak.
Uztailak 19, igandea
- 12:00. Motx pailazoa.
- 13:00. Zestoako bandaren kontzertua.
- 18:00. Sagardo dastaketa.
- 19:00. Izer eta Alabierrekin erromeria.
- 22:00. Bandera jaitsiera.