Zestoako Gurutzeaga txirrindulari klubak antolatuta, juniorren Gurutzeaga Saria jokatu zuten atzo, zapatua. Besa-Geminis taldeko Manex Larrañaga nagusitu zen Zestoako helmugan, Aiur Ugartemendia (Ipar Maquina-Dimaq) eta Axular Aldazabal (Cafe Dromedario-Flotamet) taldeko txirrindulariei esprintean irabazita. 02.07.44 denboran sartu ziren hiru txirrindulariak helmugara, baina azken metroetan Larrañaga gailendu zen.
Proba guztiak amaitutakoan, Zestoako plazan egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta Zestoako bizilaguna den Igor Arrieta UAE Emirates Team taldeko txirrindulari profesionala aritu zen sarituei garaikurrak ematen. Larrañagak jaso zuen banakako sari nagusia, haren taldea den Besa-Geminisek taldekakoa eta Amets Alberdik lehen zestoarrarena.