Etzi, larunbata, jokatuko dute Gurutzeaga txirrindularitza saria, gazteen mailan, Gurutzeaga txirrindularitza klubak antolatuta. Txirrindulariak 15:40ean abiatuko dira Eskola Txikiaren paretik, eta irteera neutralizatua 15:45ean egingo dute, Foruen plazan.
Guztira, 82 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek. Lehen bi itzulietan "Zakila bira" izenez ezagutzen den ibilbidea osatu beharko dute. Hirugarren itzulian, baina, Presaldetik Arroagorara joko dute, eta handik Zestoara itzuliko dira. Azken zatian, Akoatik Aizarnarako bidea egingo dute, eta Iraeta zeharkatu ondoren, berriz ere Zestoara iritsiko dira, Gurutzeagako helmugaren bila.
Probak iraun bitartean, txirrindulariak bi aldiz igaroko dira Zestoako herrigunetik. Hori horrela, 5-10 minutuko tartean trafikoa hiru aldiz eten beharko dutela jakinarazi dute probaren antolatzaileek. Irteeran, bigarren itzulian Akoara bidean, eta helmugaratzean itxiko dute bidea.