Gisasola egoitzako logela batean izandako sutean pertsona batek erredurak izan ditu

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 2a

Zestoako Gisasola egoitza.

06:30 aldera piztu da sua Zestoako Gisasola egoitzako logela batean. Ondorioz, egoitzako adineko pertsona batek erredurak izan ditu eta Donostiako Ospitalera eraman dute. 08:30erako sua kontrolpean hartu dute suhiltzaileek. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du zentroko autobabes planak behar bezala funtzionatu duela, egoiliarren segurtasuna une oro bermatuz.

Sutea piztu da gaur goizean, 06:30 aldera, Zestoako Gisasola egoitzan. Logela batean piztu da sua, eta egoitzako adineko pertsona batek erredurak izan ditu, eta larrialdietako osasun langileek Donostiako Ospitalera eraman dute han artatzeko. 08:30erako suhiltzaileek mendean hartu dute egoitzan piztutako sua. 

Suhiltzaileek sua itzaltzeko lana egin bitartean, egoitzako langileek gainontzeko bizilagunak babesteko neurriak hartu dituzte, eta denak onik daude. Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu du, sutea antzeman bezain laster alarma sistema aktibatuta, egoitzako langileek berehala martxan jarri dutela horrelako larrialdi egoeretarako aurreikusitako jarduera protokoloa, eta larrialdi zerbitzuei abisua eman dietela. "Prebentzio neurri gisa, egoiliarrak beren geletatik eraikinaren barruko gune seguruetara eraman dituzte, ebakuazio horizontalaren bidez. Prozedura horri esker, egoera egokia denean, pertsonak eraikinetik atera gabe babestu daitezke", azaldu du aldundiak. Sutea itzali eta beharrezko egiaztapen denak egindakoan, egoiliar denak beren geletara itzuli dira. Aldundiak zehaztu du Gisasola egoitzak mendekotasun egoeran dauden eta desgaitasuna duten pertsonentzako baimendutako 23 plaza ditu.

Gisasola egoitzako profesionalei eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiak, larrialdi egoeraren aurrean izandako "jardun azkar eta eraginkorragatik". Larrialdi zerbitzuetako profesionalak ere eskertu ditu erakundeak, "erakutsitako koordinazo eta esku hartzeagatik". Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuak gertatutakoaren gaineko jarraipena egingo duela azaldu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide