Jon Mendizabal: "Mahai tenisa fisikoki exijentea da, baina batez ere, mentalki"

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 2a

Jon Mendizabal, ping-pong jokalaria. (M. Txintxurreta)

Jon Mendizabal ping-pong jokalaria (Zestoa, 2005) Euskal Selekzioarekin ariko da datorren denboraldian. Ez da harritzekoa, emaitza bikainak lortu baititu amaitu berri den sasoian.

Datorren denboraldian Euskal Selekzioarekin aritzeko deia jaso duzu. Ilusioa egin dizu?

Orain dela bi aste, mendian nengoela, nire entrenatzaileak mezu bat bidali zidan dena esplikatzen. Ez nuen imajinatu ere egiten. Pentsatzen jarrita, egia da urte ona egin dudala, baina momentuan, sorpresa hartu nuen. Oso pozik nago horrekin.

Denboraldi borobila egin duzu: Gipuzkoako txapelduna izan zara, Euskadiko Txapelketako hirugarrena eta Bigarren Mailako partida guztiak irabazi dituzu Donostiako Fortuna klubarekin; funtsezkoa izan zara taldeak ligako bigarren postua lor zezan.

Aurtengoa izan da txapelketa gehien izan ditudan urtea, beraz, exijentzia aldetik koska bat igo behar izan dut. Urte hasieran, jakinda zer txapelketa nituen aurretik, zalantzak izan nituen, baina aurrera egin ahala, lasaiago hartu dut. Asko ikasi dut, oso gustura nago horrekin. Mahai tenisa ez da kirol erraza; horregatik, zorte pixka bat ere behar da. Eta nik izan dut, dena alde izan dut aurten.

Esku pilotak agintzen duen herrian, ping-ponga aurkeratu zenuen zuk. Nondik datorkizu zaletasuna?

Pilota eta futbola dira nagusi Zestoan, egia da. Asko jokatzen nuen mahai tenisean txikitan, aitarekin. Oporretara joaten ginenean, ping-pongean jokatzeko mahai bat bilatzen genuen beti. Asko gustatzen zitzaidan, baina ondo pasatzea beste helbururik ez nuen hasieran. 2018an futbolean jokatzen nuen, baina uzteko intentzioa nuen. Uda hartan, Gipuzkoan ping-pongean aritzeko aukeren bila hasi zen aita. Hainbat talde aurkitu genituen, eta Fortuna aukeratu genuen. Horrelaxe hasi nintzen.

Kirol exijentea al da? 

Ez du ematen, baina mahai tenisa oso exijentea da, batez ere maila batetik gora lehiatzen duzunean. Esango nuke mahai tenisak gorputz guztia mugitzea eskatzen dizula. Fisikoki kirol exijentea da, baina batez ere, mentalki. Ez da kirol erraza, oso azkarra da; beraz, burua abiadura horretarako prest izan behar duzu.

Zeintzuk dira, zure ustez, mahai teniseko jokalari on batek behar dituen ezaugarri fisikoak eta mentalak?

Fisikoki, hankak oso garrantzitsuak dira, asko eta azkar mugitu behar baitira. Baina, oro har, gorputz osoa izan behar duzu prest. Bestalde, mahai tenisean egun bikain bat izan dezakezu, eta hurrengo egunean okerrago ibil zaitezke. Nik txapelketa batzuetan oso sentsazio onak izan ditut aurten, eta ondo hasi naiz, baina batzuetan ez ditut horren ondo bukatu, eta alderantziz. Mentalki erortzen bazara, oso zaila da partidan zehar horri buelta ematea, dena oso azkar joaten delako.

Nola lantzen duzu hori guztia entrenamenduetan?

Astean zehar entrenamendu desberdinak egiten ditugu, entrenatzaileak dioenaren arabera. Normalean, fisikoa astero lantzen dugu, bi-hiru aldiz, eta neu entrenamenduetatik kanpo ere fisikoa lantzen saiatzen naiz. Teknika ere lantzen dugu, eta batzuetan, entrenamendua amaitu ostean, erlaxazio ariketa batzuk egiten ditugu, burua lasaitzeko. Bestalde, txapelketa baino bizpahiru egun lehenago, teknika, fisikoa eta burua fintzeko azken entrenamenduak egiten ditugu.

"Mentalki erortzen bazara, oso zaila da partidan zehar horri buelta ematea"

Zein da zure indargunea?

Nire indargunea, joko aldetik, eskuin eskua dela esango nuke, indarra dudala iruditzen zait esku horretan. Horrekin batera, burua ere indartsu dudala esango nuke. Hasi nintzenean, ez nintzen buruz hain ondo ibiltzen. Lehiatzen hasi nintzenean, kirol berria zen niretzat, gauza batzuk ez nituen ulertzen, estres dezente handia izaten nuen. Urteak pasatu ahala, lasaiago jokatzen ikasi dut.

Euskal Herrian, kirol minoritariotzat du askok ping-ponga. Horrela al da?

Esango nuke ez dela horrela. Jendeak ez daki, baina Gipuzkoan klub asko daude eta torneo asko antolatzen dituzte. Ez da futbola, pilota edo beste kirol batzuk bezain beste ikusten, baina jende asko ibiltzen da mahai tenisean.

Zeintzuk dira zure buruari datorren denboraldirako jarri dizkiozun helburuak?

Aurtengo maila mantentzea edo gainditzea da nire helburua, eta horrekin batera, Espainia mailako sailkapenean koska bat igotzea.

Zehaztu dizute Euskal Selezioarekin jokatuko dituzun txapelketen egutegia?

Oraindik ez. Esan digute azaro edo abendu aldera deituko gaituztela; denboraldia hasita egongo da ordurako. Imajinatzen dut lehenengo elkartze horretan azalduko digutela zer egingo dugun urtean zehar, zer txapelketa izango ditugun eta nola joango den guztia.

Zortzi urte daramatzazu mahai tenisean, eta hainbat txapel jantzi dituzu dagoeneko. Non ikusten duzu zure burua hemendik lauzpabost urtera?

Aurrera jarraitzea gustatuko litzaidake, apurka maila igotzea, baina ez dakit nora iritsiko naizen. Bestalde, Fortuna taldean entrenatzaile nabil orain, umeak entrenatzen. Horrekin jarraitzea gustatuko litzaidake, nire bizitzak kirolaren inguruan jarrai dezan nahiko nuke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide