Zestoako Portale kultur elkarteak prestatu duen Uzta Hila egitasmoaren aurreneko kontzertua izango da etzi. Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpek osatzen duten D’Capricho bikotea arduratuko da egitaraua irekitzeaz, eta artista horiek Kubako doinuak eramango dituzte Portaleren atarira, 19:30ean hasiko den zuzenekoan.
Datozen bi ostiraletan ere izango dira egitasmoaren barruko kontzertuak Portalen. Uztailaren 17an, Gartxot & Garazi ariko dira zuzenean, 19:30ean hasita; eta azkenik, uztailaren 24an, Bidelapurrak taldeak girotuko du Portaleko ataria, 20:00etan.
Hiru kontzertu ez ezik, argazkilaritza ikastaro bat ere antolatu dute. Uztailaren 11n izango da hori, 09:30etik 13:30era, eta bi zati izango ditu: Nagore Legarreta argazkilariak kamera estenopeiko bat eraikitzen irakatsiko du lehenik, eta ibai inguruan ateratako irudiak errebelatuko dituzte gero.