Jon Sorazu futbol jokalaria (Zestoa, 2004) UD Logroñes taldean arituko da aurrerantzean. Logroñoko (Espainia) futbol taldeak bere sare sozialetan jakinarazi duenez, futbol klub horren bigarren taldean arituko da Sorazu, Espainiako Bigarren Federazio Mailan.
Bi denboraldi osatu ditu Sorazuk Azpeitiko Lagun Onak taldearekin Espainiako Hirugarren Federazio Mailan, Jose Luis Ribera entrenatzaile azkoitiarraren aginduetara. Lehen denboraldian, lau gol egin zituen, eta, aurten, taldeko jokalari esanguratsuenetako bat izan da, 35 neurketatan 13 gol egin ditu eta, besteak beste. Orain, maila bat gorago jokatuko du zestoarrak, mailaz igo berria den UD Logroñes taldearen harrobiko taldean.