Zestoako Kultur Etxearen eraberritzea "partxeo hutsa" dela salatu du EAJk

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 30a

Zestoako Kultur Etxearen sarrera. (Zestoako EAJ)

Zestoako EAJren arabera, Udal Gobernuak Kultur Etxea "gaur egungo balditzetan eraberritzea" erabaki du, eta hautu hori "partxeo hutsa" da. Gainera, erabakia "Gazte Asanbladarekin egindako akordioak baldintzatuta" hartu izana salatu dute jeltzaleek. "Egungo proiektuak ez die erantzuten udalerriko kultur kolektiboen beharrei", gaineratu du EAJk.

Zestoako EAJ ez dago konforme Udal Gobernuak Kultur Etxea eraberritzeko egindako proposamenarekin, eta Kultur Etxerako proposatutako berregituraketa "partxeo hutsa" eta "Gazte Asanbladarekin egindako akordioak baldintzatua" dela salatu du. Era berean, udalerriko kultur kolektiboen beharrak erantzunik gabe gelditzen direla kritikatu dute jeltzaleek.

EAJk ohar bidez adierazi duenez, udalerriko kultur azpiegiturek dakartzaten "sakoneko arazoak" ez ditu konpontzen Udal Gobernuak Kultur Etxea berregituratzeko hartutako erabakiak, eta gainera, EH Bilduren Udal Gobernuak Gazte Asanbladarekin egindako akordioak "erabat baldintzatutako proiektua" da. "Akordio horrek eragotzi egin du Kultur Etxeko elkarte, kolektibo eta erabiltzaile guztien beharrak kontuan hartzen dituen erantzun orokor bat planteatzea", kritikatu du EAJk.

Kultur Etxea berregituratzeko proiektuak areto nagusia "pixka bat zabaltzea" aurreikusten badu ere, EAJren ustez "hobekuntza puntual horrek" ez ditu konponduko beren jarduera gune horretan garatzen duten gainerako taldeek aspalditik adierazitako zailtasunak. EAJren ustez, "tamalgarria" da EH Bilduren Udal Gobernuak hartutako erabakia, eta jeltzaleek nahiago dute egungo eta etorkizuneko beharretara egokitutako kultur instalazioak emateko "asmo handiko plangintza bati" ekitea udalak. Hala adierazi du Garikoitz Mendizabal EAJren udal bozeramaileak: "EAJn uste dugu kultur azpiegiturak lehentasuna direla Zestoako orainerako eta etorkizunerako. Kulturak espazio egokiak behar ditu garatzeko, eta ezin gara konformatu udalerriko kultur ehunaren zati handi bat erantzunik gabe utzita".

EH Bilduk hartutako erabakia "akordio zehatz baten baldintzatutakoa" izan dela nabarmendu du Mendizabalek, eta Udal Gobernuari egotzi dio ez pentsatzea interes orokorrean eta kolektibo guztien beharretan. Zestoako kultur beharrei "behin betiko irtenbidea ematea" defendatu du EAJk, kolektibo guztiei beren jarduera baldintza onenetan garatu ahal izateko espazio egokiak eskainiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide