Zestoako Txokoko Txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte gaur, astelehena, 19:00etan. Josu-Josu eta Oier-Oier bikoteek jokatuko dute aurreneko partida, eta Aner-Muno eta Xabat-JV bikoteak ariko dira aurrez aurre bigarren neurketan. Bi partida horietako bikote irabazleek lortuko dute ostiralean 18:00etan hasita jokatuko den final handirako txartela.
Antolatzaileek, baina, gaurko finalerdiei begira ohartarazpen bat egin dute. Jakinarazi dutenez, arratsaldean euria egingo balu, eta horrek gaurko jardunaldia jokatzea eragotziko balu, finalerdietako bi partidak gaur beharrean bihar jokatuko lituzkete.
Joan den asteko partidak erabakigarriak izan ziren Txokoko Txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzten bikoteak ezagutzeko. Oier-Oier bikoteak 30-20 irabazi zion Ander-Xela bikoteari; Aner-Muno bikoteak 30-8 emaitzarekin menderatu zituzten Jokin eta Jon; Xabat-JV bikoteak 30-15 garaitu zituzten Irure eta Liam, eta Josu-Josuk 30-20 irabazi zieten Arritari eta Kixkurrari. Bigarren jardunaldian, berriz, Anderrek eta Xelak 30-21 garaitu zituzten Jokin eta Jon, eta Josu-Josu eta Jokin-Jon bikotearen arteko lehia 23-21 emaitzarekin eten behar izan zuten, euriaren ondorioz. Une horretan, baina, Josu-Josu bikoteak jada ziurtatuta zuen finalerdietarako sailkapena, eta horregatik ez zuten partida berriro jokatu.