Euskal Herriko Ezker Hormako Kluben Arteko Txapelketako eskuz banakako finalak jokatu dituzte gaur goizean Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan. 11:00etan hasita jardun dute hainbat taldetako pilotariek nor baino nor, Euskadiko Pilota Federakuntzak antolatutako lehiako txapelen bila. Zestoako Abantzu taldeko ordezkariak oso fin aritu dira; izan ere, haientzat izan dira gaurko lau finaletan jokoan ziren txapeletako bi.
Herritar ugari frontoian zirela jokatu dituzte neurketak. Kadeteen mailakoa izan da aurrena, eta Abantzu eta Donostiako Bidebieta taldeetako pilotariak aritu dira lehian; 2 eta 1 nagusitu da Julen Urrestilla etxeko pilotaria, Oriberen kontra. Bigarren neurketan, gazteen mailakoan, berriz, Tolosa eta Gasteizko Txukun Lakua taldeetako pilotariek jokatu dute finala, eta Tolosako Etxeberriarentzat izan da Motoren kontrako garaipena.
Hirugarren partidan, berriz, 22 urtez azpiko bi pilotarik jokatu dute, eta Abantzuko Aritz Olaizolak mendean hartu du Larraintzargo (Nafarroa) Buruzgain taldeko Zabaleta, 2 eta 1. Azken partidan, nagusienean, Gasteizko Txukun Lakuako Del Campo mendean hartu du Sopelako (Bizkaia) Kurene taldeko Ramirezek; 0 eta 2 nagusitu da pilotari sopeloztarra.