Erdi lanetara iritsita, igande iluntzera artekoak gelditzen zaizkio Zestoako Antzerki Asteari

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 26a

Asteartean ekin zioten aurtengo Zestoako Antzerki Asteari, eta igande iluntzean bukatuko da, denera zazpi obra taularatuta. Antzezlan gehienetarako sarrerak agortuta, Caravan Parkeko pabilioian antzerkizaleen joan-etorri handia dabil egunotan, han baitira emanaldi guztiak, gaur arratsaldean Kultur Etxean izango den bat kenduta.

Asteartean ekin zioten aurtengo Zestoako Antzerki Asteari, eta egitarauaren lehen erdia beteta, igande iluntzera artekoak gelditzen zaizkie aurretik. Aurtengo edizioa ere Eromen Produkzioak taldeak antolatu du, eta antolatu ez ezik, ireki ere halaxe egin zuen, Deus ex machina lanarekin. Caravan Parkeko pabilioian taularatu zuten taldeko ikasleek modu kolektiboan sortutako antzezlan hori, dozenaka herritarren aurrean. Asteazkenean ere etxeko taldeko kideak igo ziren oholtzara, Aitaren etxea antzeztera. Familiaren inguruko kezkak azaleratuko zituzten lan horrekin.

Gaur, ostirala, antzerki eskolako kide gazteenen eskutik, Munduko ipuinak, ahoz ahoz ikusteko aukera izango da 17:30ean; eta gero, 20:30ean, Pinus Sylvestris antzezlana izango da ikusgai. Antolatzaileen arabera, ekologiaren, ingurumenaren eta basoen inguruko pieza da Eromeneko kideek taularatuko dutena: "Gure zuhaitzek gu garen horren memoria gordeko balute? Kapitalismoaren eta landa eremuen arteko talka plazaratuko dute modu kolektiboan sortutako piezan honetan".

Bihar, larunbata, Dejabu konpainiaren txanda izango da. Joan den otsailean Donostiako Antzerki Saria irabazi zuen Itzulera taularatuko du taldeak, 20:30ean. Road movie "lotsagabe eta psikodelikoa" da Itzulera; antzerki konpainia bateko hiru kidek, Ainarak, Urkok eta Mirenek, Mexikora egiten duten bidaia kontatzen du.

Azken emanaldiak igandean izango dira, eta umeei zein familiei zuzendutako bi saio utzi dituzte ordurako: batetik, beldurra eta ziurgabetasuna lantzen dituen Bunkerra taularatuko dute Eromeneko nerabeek, 17:30an; eta Mar-Mar Teatroak Elara, bidaia bat izarretara lana eskainiko du jarraian. Obra horretako protagonista da Elara, eta hark "goizegi" ezagutuko du galera hitzaren esanahia. Doluaren inguruko obra da egitasmoa itxiko duena.

Emanaldi guztiak Caravan Parken izango dira, gaur arratsaldeko Munduko ipuinak, ahoz ahoz izan ezik; Kultur Etxean taularatuko dute hori. Saio gehienetarako sarrerak Antzerki Astea hasterako agortuta zeuden, eta geratzen diren sarrera gutxi horiek Turismo Bulegoan zein Entradium plataforma digitalean daude eskuragai. Munduko ipuinak, ahoz ahoz saioa doakoa izango da, baina harako ere aurrez gonbidapena eskuratu behar da, Turismo Bulegoan. 

(Argazkiak: Eider Iturriaga)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide