Zazpi antzezlanez gozatu ahal izango dute gaurtik Zestoan

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 24a

'Itzulera' antzezlana. (Renata Etanowski)

Zestoako Antzerki Astea egingo dute igandera bitartean, Eromen taldeak antolatuta, eta askotariko obrak taularatuko dituzte Kultur Etxean zein Caravan Parken.

Zestoako Eromen Produkzioak taldearen eskutik dator beste urte batez Zestoako Antzerki Astea, eta gaurtik datorren igandera bitartean, askotariko zazpi obraz gozatzeko aukera izango dute Kultur Etxera zein Caravan Parkera bertaratzen direnek. Izan ere, umeei zein helduei zuzendutako egitarau betea prest du konpainiak.

Etxeko taldeak berak zabalduko du egitaraua gaur, Deus ex machina lanarekin, 20:30ean. Taldeko ikasleek modu kolektiboan sortutako antzezlana da gaur ikusi ahal izango dena; egungo sistemaren gaineko hausnarketa plazaratuko dute jendaurrean. Eromenek berak eskainiko ditu hurrengo saioak ere: bihar, Aitaren etxea eskainiko du taldeak ordu berean; ikasleek familiaren inguruko kezkak azaleratuko dituzte lan horrekin.

Etzi, berriz, antzerki eskolako kide gazteenen eskutik, Munduko ipuinak, ahoz ahoz ikusteko aukera izango da 17:30ean; gero, 20:30ean, Pinus Sylvestris antzezlana izango da ikusgai. Antolatzaileen arabera, ekologiaren, ingurumenaren eta basoen inguruko pieza da Eromemeko kideek taularatuko dutena: "Gure zuhaitzek gu garen horren memoria gordeko balute? Kapitalismoaren eta landa eremuen arteko talka plazaratuko dute modu kolektiboan sortutako piezan honetan".

Larunbatean, berriz, Dejabu konpainiaren txanda izango da. Joan den otsailean Donostiako Antzerki Saria irabazi zuen Itzulera taularatuko du taldeak, 20:30ean. Road movie "lotsagabe eta psikodelikoa" da Itzulera; antzerki konpainia bateko hiru kidek, Ainarak, Urkok eta Mirenek, Mexikora egiten duten bidaia kontatzen du.

Igandean izango dira azken emanaldiak, umeei zein familiei zuzendutako bi saiorekin: batetik, beldurra eta ziurgabetasuna lantzen dituen Bunkerra taularatuko dute Eromeneko nerabeek, 17:30an; eta Mar-Mar Teatroak Elara, bidaia bat izarretara lana eskainiko du jarraian. Obra horretako protagonista da Elara, eta hark "goizegi" ezagutuko du galera hitzaren esanahia. Doluaren inguruko obra da egitasmoa itxiko duena.

Azken sarrerak salgai

Ia emanaldi guztiak Caravan Parken izango dira; haurrei zuzendutako Munduko ipuinak, ahoz ahoz lana izango da Kultur Etxean taularatuko duten bakarra. Sarrerei dagokienez, antolatzaileek hilaren hasieran jarri zituzten salgai Turismo Bulegoan zein Entradium plataforma digitalean, baina antzezlan gehienetarako sarrerak agortuta daude dagoeneko; Deus ex machina, Bunkerra eta Elara, bidaia bat izarretara saioetarako geratzen da lekua, eta horietarako ere sarrera gutxi batzuk besterik ez daude salgai. Munduko ipuinak, ahoz ahoz saioa doan izango da, baina harako ere aurrez gonbidapena eskuratu behar da, Turismo Bulegoan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide